26 metroko altuera baino gehiago izango dituen eta Txabarritik Labe Garaira sartzeko erabiliko den igogailua jasoko duen egitura instalatu egin dute astearte honetan goizean, abenduak 13. Egitura pieza bakar batean garraiatu egin dute.
Egitura horren barruan jasogailuaren kutxa egongo da. Igogailu horrek Txabarriko La Benedictara sartzeko zubibidea eta Sestaoko Udala monumentuaren inguruko lurretan egokitzen ari den parke publikoa lotuko ditu. Obra hau udaberrian bukatzea espero da.
Era berean, duela gutxi beste bi jarduketa hasi dira Labe Garaia berreskuratu eta hari balioa emateko planen barruan.
Lehenengo proiektua Labe Garaiko Bisitarien Zentroko sarbideak eraikitzea eta gune osagarriak egokitzea da. Alde batetik, laberako sarrera urbanizatu egingo da, eta igogailu bat eta eskailera bat eraiki egingo dira garai bateko kontrol-gelan egin den bisitarien zentrora igo ahal izateko. Bestalde, bisitarien zentroa handitzeko, egungo eraikinari egitura bat atxikiko zaio, eta bertan ipiniko dira harrera-gunea, administrazio-bulegoa, komun publikoko berriak, erakusketa- edo erabilera anitzeko gela bat eta taberna-kafetegi bat.
Bigarren proiektuan, komunikazio bertikala errazten zuten igogailu zaharrak berreskuratuko dira, bai gaur egun arte mantendu den 1. labekoa, bai haren bikia zen 2. labekoa. Azken horrek ere Maria Angeles izena zuen, eta 1996an Bizkaiko Labe Garaiak itxitakoan eraitsia izan zen. Egitura horiek birgaituta, irisgarritasun handiagoa eman nahi zaio monumentuari, udalerriaren industrializazio-prozesua azaltzeko balioko duen azpiegitura hori denbora gutxi barru bisitatzeko moduan egon dadin. Bi kasuetan, obrak irailerako amaituta egotea espero da.
Jarduera horiek guztiak egiteko, Udalak 3 milioi euro baino gehiago jaso ditu, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Espainiako Gobernuak emandako bi dirulaguntzen bidez.