Gaur hasi eta abenduaren 11ra bitartean Durangoko Merkatu Plazak Euskal Dendaren 26. edizioa hartuko du. Arbasok –Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Bizkortzeko Elkarteak– antolatuta, aurtengo edizioan 51 stand izango dira hamaika produkzio ezberdinekin. Horrela, ekitaldi honen sustatzaileek adierazi dutenez, “26. edizioak ez du maila jaitsi kalitateari eta salbuespenari dagokioenez” eta beste behin ere “bizitza eta ekoizpen ibilbide luzea duten profesionalek objetu paregabeak”, eskainiko dituzte.

Durangoko Euskal Denda artisautza tradizionalaren urteko erakusleihorik garrantzitsuena da eta Arbasotik itxaropentsu daude edizio honekin. “Ukaezina da krisiak gogor jo duela artisautzaren munduan. Sektore minoritarioa gara, eta batzuetan ez lehen mailakoa, horregatik, artisau asko ari dira pairatzen egungo egoera eta tailer askok pertsiana jaitsi behar izan dute. Badirudi pandemia aspaldi izan zela, baina artisauok esan behar dugu covid-19aren itzala oraindik hor daukagula eta ezin dugu ahaztu egin digun kaltea. Merkatu-jarduera oro etetea, batzuetan kalte konponezina. Horregatik, Durangoko topaketa oso garrantzitsua da. Alde batetik, Durangoko Azokarekin batera ospatzen da eta, bestetik, artisauak azoka eta merkatuetan du merkaturatze-iturri nagusia. Bisitariak ikusi, sentitu, eta usaindu nahi dute eta Euskal Dendan egin dezakeena” onartzen dute.

Pandemiarekin galdutako normaltasuna berreskuratuta Merkatu Plazako 1.600 metro koadroak euskal artisautzaren merkaturatzea sustatzea, zabaltzea eta sakontzea ahalbidetuko du Euskal Herrian egin izanaren zigiluarekin. Datuei dagokionez, aurtengo edizioak 51 artisau hartuko ditu, ohi bezala Euskal Herriko lurralde guztietatik etorriak. Horietatik, 14, hau da, %28a lehen aldiz elkartuko dira Durangon eta berritasuna izango dira azoka honetan. “Horietako batzuk garai oso konplexuan edo gogor baten sortutakoak dira, baina beraien produzioak gizartean aurkeztu nahi dute eta etorkizunari begira egonkortu nahi dute”, argudiatu dute topaketa honen sustatzaileek. Era berean, edizio honek aukera emango du Bizkaiko sektorean ikusarazteko, profesionalen %62 bertakoak baitira. Hala eta guztiz ere Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko artisauak ez dira faltako.

Euskal Dendak igandera arte irekiko ditu ateak. A.S.

Aurreko edizioetako profesional kopuru bera izango du Euskal Dendak, Merkatu Plazak hartu ahal duen gehieneko kopurua. Horietan guztietean hainbat nobedade izango dira eta horrek beti bezala, balio erantsia ematen dio azokari. Lehen esan bezala, lurraldeka, Bizkaia izango da tailer eta profesional kopuru handiena izango duena. 31 izango dira guztira, iaz baino sei gehiago. Gipuzkoarren presentzia txikia da, baina 9 izango dira lurralde horretako artisauak. Arabatik 4 iritsiko dira, Nafarroatik 6 eta Lapurdiko bat etorriko da. Zentzu horretan, Durangaldeak bere txoko berezia izango du Euskal Dendaren barruan, lau artisaurekin. Guztiak hitzordu honetako klasiko handiak.

Sektoreka, aurten ere ehungintzaren sektorea nagusi izango da, 11 artisauren ordezkaritzarekin. Horien artean denetarik aurki daiteke; osagarrietan, modan oinarrituak edo feltroa edo zuntz naturalak egiten aritzen direnak. Eguberrietatik hain hurbil egonda, bitxigintza, larrugintza, imitaziozko bitxigintza edo kosmetika produktuak ez dira faltako, Olentzero eta Mari Domingiri enkarguak egiteko aproposak.

Nekazaritzako elikagaien sektoreak, era berean, leku garrantzitsua izango du beste behin ere Euskal Dendan, bost espezialistarekin. Espezialista horiek dira, hain zuzen ere, bere arloan onenak direnak eta bertako produktuek leku berezia betetzen dutenak. Gorrotxategiren turroiak eta txokolateak, Garrarteren garrapinadak, Lorez Loreren eztia, Katealderen pateak edo Ziorregiren gaztak, esaterako.

Euskal Dendaren 26.edizioa abenduaren 11ra arte luzatuko da. Goizez, 11:00etatik 14:30era bisitatu ahal izango da eta arratsaldez 16:30-21:00 bitartean. Igandean, hilak 11, 11:00etatik 20:00ak arte euskal artisauen sorkuntzekin gozatzeko aukera izango dute gerturatzen diren bisitari guztiek.