Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta azken bi edizioak zailtasun handiekin ospatu behar izan ondoren, normaltasuna berreskuratuko du aurtengo edizioan asteazken honetan bertan ateak irekiko dituen Durangoko Azokak. Hala, beti bezala, Durangoko Udalak azokarekiko konpromisoa berretsi egin du. Horretarako, Udalak kultur programazio berezia eskainiko du Arte eta Historia Museoan eta Bizenta Mogel Bibliotekan Durangoko Azokarekin elkarlanean.

San Agustin Kulturgunea, berriz, Azokaren ‘Szenatokia’ gunea izango da, eta bertan antzerki sorkuntzako hainbat aurkezpen egingo dira lau egunez.

“Durangoko Azokarekin elkarlanean aritzeko konpromiso sendoa daukagu Kulturaren aldeko apustua egiten dugun heinean. Horrez gain, kontziente gara Azokak Durangori eskaintzen dizkion mota ezberdinetako etekinez, horregatik Udaletik gure aletxoa eskaini nahi dugu”, adierazi dute udal ordezkariek.

Bizenta Mogel Bibliotekak, gainera, ekintza berezi bat antolatu du asteazkenerako, Ikasle Egunerako. Bertan, Amaia Egidazu artistak ‘Dorotea’ bere album ilustratua aurkeztuko die LH3 eta LH4 mailetako ikasleei collage teknikaren bidez. Beronen aurkezpena egiteaz gain, ilustrazio originalak ikusgai egongo dira eta teknika honen bidez ilustratutako hainbat liburu erakutsiko dira. Ikasleek guraize, kola, aldizkari, egunkari eta koloretako paperekin, beraien ilustrazioa sortu ahal izango dute. Bertan tenperekin testurak sortzeko aukera ere egongo da.

Museoa, ‘Durango +’

Gainera, aurten Museoa ere BaDa! 2022ko Durangoko Azokako ekitaldien esparru izango da eta hainbat ekintza izango dira egun hauetarako. Abenduak 7an “Collage dadaistak” tailerra eskainiko da DBH 1, 2, 3eta 4. mailako ikasleei.

Horrez gain, Abenduak 8tik 11ra (H)amar kanal anitzeko soinu instalazioa egongo da museoko Arte Garaikide aretoan. Abenduak 8an, berriz, Pamiela argitaletxeak BAGARA bildumaren aurkezpena egingo du 12:00etan.

Abenduaren 9an, Joseba Sarrionandia, Mikel Antza, Mikel Soto, Mari Luz esteban, Eider Eibar, Adur Larrea, Susanna Martin eta AsisKo-k ‘Itzulpena Elkartasuna da’ liburua aurkeztuko dute 18:00etan.

Abenduaren 10ean, 12:00etan, ‘Sastraka’ aurkezteko mahai ingurua egingo dute Pello Lizarralde, Jose Ignacio Agorreta, Imanol Ubeda eta Imanol Rayok. Disziplina desberdinetatik datozen 4 lagun bildu dira lan honetan eta bakoitza gainera bere erosotasun gunetik aterata.

Bukatzeko, abenduaren 10ean, Iñaki Segurolaren ibilbide literario eta bizitza gogoratzeko ekitaldia ospatuko da 18:00etan.