Gabonetan girotutako azoka hartuko du Bermeok, lehenengoz, abenduaren 8tik eta 11ra arteko jardunaldiak aprobetxatuz. Salmentetarako guztira 25 postu izango dira, umeentzako jolasak, dekoraziorako produktuak... guztia euskal mitologiako pertsonaiak –Mari, Galtzagorria, Basajauna...– protagonista nagusiak izanda. “Aurki biziko ditugun egun bereziak heldu baino arinagoko garaiei izaera berezia eman nahi izan diegu”, azaldu dute Bermeoko udaleko bozeramaileek. Erdigunetik oso hurre diren Frantziskotarren komentuaren aurreko aldean eta Erreten lameraren ingiruan ospatuko dute azoka berezia.

“Irailean egin genuen Elkano Feriaren arrakasta ikusita garbi genuen Gabonei begira beste azoka bat antolatu nahi genuela”. Garai horretan izandako arrakasta errepikatu nahi dute Bermeoko udal arduradunek. Hori horrela, “abenduko zubian egitea pentsatu dugu, herritik aterako ez diren bermeotarrek disfrutatzeko. Noski, inguruko herrietakoak ere, beti bezala, ongi etorriak izango dira”, azaldu zuen atzokoan Alazne Zumetak Bermeoko kultura zinegotziak.

Udaleko ardunradunak gaineratu zuenaren arabera, “janari postuez gain, ardo beroaz disfrutatzeko aukera izango dugu eta, gainera, herriari buelta emango dion trena ere izango dugu, karruselaz eta noriaz gain. Baina azoka honek berezitasun bat izango du: pertsonaia mitologikoak eta postuen artean egongo diren Gabonetako panpinak ikusi ahal izango ditugu. Seguru gaude etxeko txikiek eta nagusiek asko disfrutatuko dutela elkarrekin. Adin tarte ezberdinei bideratutako azoka izango da hau”, adierazi zuenez.

Hainbat produktu

Bada, azoka berezian 25 postu jarriko dira, Frantziskotarren komentuaren inguruan kokatuko dituztenak Gabonetan ohiko diren produktuen salmenta egin ahal izateko. “Besteak beste, gazta, pastelak, infusioak, turroiak, txokolateak, eztia, ardo beroa… salduko duten postuak egongo dira”. Gainera, umeen jolasak ere jarriko dituzte, baita dekoraziorako produktuak edota Gabonetako zuhaitzak salduko dituztenak ere bai. Bestetik, umeentzako ekin-tza ugari egingo dira, datozen egunotan jakinaraziko direnak.

Azkenik, Lamera parke ingurutik “tren bat aterako da herritik bueltaka ibiliko dena eta Erreten Lameran noria eta karrusel ekologikoa jarriko dira. Azken honek bere funtzionamendurako ez du argindarrik behar. Izan ere, pedalen bidezko sistema bat erabiliko du”, Zumetak nabarmendu zuenez. Gabonetan girotutako Bermeoko azokak bere ateak 11:00etan irekiko ditu abenduaren 8, 9, 10 eta 11an.

Gabonetako Azoka

Berezia. Euskal mitologian oinarritutako azoka berezia antolatu dute Bermeon abenduaren 8tik 11ra. Hainbat izango dira Fran-tziskotarren komentuaren eta Erreten Lameraren inguruan antolatuko dira ekimenak: egongo diren 25 postuez gain, noria eta karrusel ekologikoa egongo dira, besteak beste.