1.000 bermeotar baino gehiagok hartuko dute parte Euskaraldian
Euskararen erabilera sustatze aldera, Bermeoko Udalak bat egingo du Euskaraldiaren edizio berrian. Guztira, 1.000 bermeotar baino gehiagok hartuko dute parte hirugarren edizio honetan.
Udalari dagokionez, ariguneek, bai udal barruan, zein herritarren eta udalaren arteko harremanetan, euskararen erabilera indartzea dute helburu. Udal barruan euskararen erabilera maila formalean handia da, baina arigune horiek euskararen presentzia batez ere maila ez formalean areagotzea bilatzen dute; eta herriari begira, herritarrekiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematen jarraitzea da ideia. Aurtengo Euskaraldian, aurrekoetan bezala, hizkuntza ohiturak aldatzea bilatzen da.
Bermeoko Udalak ibilbide luzea egin du euskararen normalizazioan, baina, hala ere, aurrera begirako erronkak badira. Horretarako, besteak beste, Euskaraldiarekin baliatuko da, pixkanaka, euskararen normalizazioan pausuak ematen jarraitzeko. Keinu txikiek berebiziko garrantzia dute zentzu honetan. Lehenbiziko berba euskaraz egiteak, adibidez, gauza asko aldatu ditzake, batez ere, norbanakoaren hizkuntza ohituretan. Hori adierazi nahi dute Bermeoko arduradun politiko eta udal langileek Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko argazkiaren bidez.
Norbere buruarengan eta talde mailan erronka zehatzak hartzeko momentua da, hizkuntza ohiturak aldatze aldera, nork bere testuingurura egokitutako urratsen bidez lortuko baitira emaitza sozialak. Izan ere, parte hartzea indibiduala izan arren, ariketa ahalik eta kolektiboena izatea da helburua. Beraz, udalak herritar guztiei dei egiten die Ahobizi eta Belarriprest txapak jarri eta euskara kalean, lanean, zein leku guztietan egiteko.
Euskara erdigunera ekarri nahi da egun hauetan, autoestimua eta irudi kolektiboa sendotzeko, eta, aldi berean, Bermeoren identitatearen elementu garrantzitsuenetakoa, euskara, indartzeko. Euskaraldia, beraz, udal mailan, entitate mailan, zein bakoitzaren ingurune hurbilean (familian, lagunartean, lankideekin...), eta bai testuinguru sozial arruntean (dendetan, erakundeetan...) baldintza egokiagoak sortzeko aukera paregabea da, urratsak ematen jarraitzeko.