Merkataritza eta ostalaritza bonuen kanpaina berri bat jarri du martxan Bermeok
Aurreko edizioek izandako arrakasta kontuan izanda, Bermeoko Udalak martxan jarri berri du merkataritza eta ostalaritza bonuen kanpaina berri bat. Kanpaina hauek koronabirusaren pandemiak eragindako kalte ekonomikoak suspertzeko sortu ziren, eta Bermeoko Udalak mantentzea erabaki egin du momentuz.
Hala, bermeotarrek gaurtik aurrera (eta azaroaren 19ra bitartean) erabili ahal izango dituzte Udalak eskuragarri jarri dituen 4.000 bonuak. Horretarako, kanpaina honetara atxikitu diren merkataritza edo ostalaritza establezimenduetara (96 guztira) hurbildu eta NAN-a erakutsi besterik ez da egin beharko. Ez da beharrezkoa izango bonuak aurretiaz erostea. Merkatari, dendari edo tabernariak bezeroak bonua erabili duela apuntatuko du Bermeoko Udalak ekimen honetarako sortutako plataforman. Aurreko bonuen kanpainetan bezala, egitasmo honen helburua da tokiko kontsumoa bultzatzea eta merkataritza sustatzea. Kanpaina honetako bonuak ez dira bateragarriak izango beste administrazio batzuek salgai jartzen dituztenekin.
Bi bonu mota kaleratuko dira: merkataritza establezimenduetara bideratutakoak eta ostalaritzan erabili ahal izango direnak. Hori bai, herritar bakoitzak, gehienez ere, bakoitzetik 4 deskontu bonu erabiltzeko aukera izango du. Herriko merkataritza establezimenduetan erabiltzeko bonu bakarra jarriko da salgai: 15 eurokoa. Herritarrak, hau erositakoan, 20 euroko gastu ahalmena izango du eta ezin izango ditu inoiz ere bi bonu baino gehiago batera erabili erosketa bat egiten duenean.
Bestalde, ostalaritza establezimenduetarako bonu bakarra jarriko da eskuragarri: 5 eurokoa, hain zuzen ere. Hau eskuratutakoan, kontsumitzaileak, 10 euroko gastua egiteko ahalmena izango du. Hemen ere, merkataritzakoetan bezala, bi bonu erabili ahal izango dira erosketa bakoitzean.