Orain dela gutxi inauguratu den Amorebieta Etxanoko Pump Track pistaz gozatu ahal izateko, bi masterclass eskainiko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Klaseak datorren asteko igandean izango dira, urriaren 9an.

Horrela, bi saio izango dira. Lehenengoa, hastapen-mailakoa, 10:00etatik 12:15era izango da, eta bertaratutako pertsonek beroketa egokiak egiten ikasiko dute, oinarrizko mugimendu-patroiak esperimentatuko dituzte eta jolasetan hartuko dute parte. Maila aurreratuko masterclassa berriz, 12:30etik 14:15era emango da, eta bertan irakatsiko dute zer motatako beroketak egin behar diren, mugimendu-patroi aurreratuenak erakutsiko dituzte eta txanda kronometratuak egingo dituzte.

Joan den udan Amorebieta-Etxanoko Udalak inauguratu zituen Pump Trackeko kirol-instalazio berriak; hain zuzen ere, hauek dinamizatzea eta udalerrian kirol-jarduera hori sustatzea da masterclass hauen helburua.

Izen ematea

Bi masterclass horietako batean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute esteka honen bidez: https://web.bizkaia.eus/es/kirolak/pumptrack. Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalak gogorarazi du egun horretan, urriaren 9an, Pump Track pista masterclassentzat gordeta egongo dela.

Online tutoretza bideoak

Hitzordura joaterik ez duten interesdunek QR kode batzuk izango dituzte, totem edo plaka interaktibo batean, pistan bertan. Kode horiek eskaneatuta Aldundiaren web-orrira sartu eta tutoretza-bideoak ikusi ahal izango dituzte; 5 kode egongo dira eskuragarri, bi hizkuntzetan.