Amorebieta-Etxanoko 16 ostalaritza establezimenduk hartuko dute parte urriaren 6tik 9ra bitartean ospatuko den Jan Alai pintxo lehiaketan. Gaur goizean aurkeztu egin da edizio berria. Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Estibalitz Martiartu Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko zinegotzia eta Ainhoa Salterain Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotzia.

Sarreran, Salterainek horrelako lehiaketak egitearen garrantzia azpimarratu du: “Jan Alai tradizio bihurtu da gure herrian, urteko gastronomia hitzordu nagusietako bat da zalantzarik gabe. Izan ere, Jan Alai kalean ospatzen da, udalerriko ostalaritza-establezimenduetan, eta egun horiek Amorebieta-Etxanoko ostalaritza aukeraren eta kalitatearen erakusleiho bihurtzen dira. Azken bi urteak oso zailak izan dira sektorearentzat, eta Jan Alairen itzulera baikortasunaren seinale da guztiontzat”.

Data aldaketa

Lehiaketari berari dagokionez, Martiartuk data aldaketa azalduz hasi du aurkezpena, aurten urriaren 6tik 9ra bitarteko asteburuan ospatuko baita: “pandemiaren eraginez orain bi urte bertan behera utzi behar izan genuen lehiaketaren bederatzigarren edizioa izan behar zuena. Jan Alai lehiaketa maiatzean egin ohi zen, baina ez genuen beste urte bat pasatzen utzi nahi, eta urrian ospatu ahal izateko modua bideratu dugu”.

Martiartuk gogorarazi duenez, izena emateko epea zabalik egon da uztailetik irailera, eta aurten 16 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte lehiaketan: "bagenekien ezohiko data zela, eta horregatik gure esker ona adierazi nahi diegu parte hartzera animatu diren ostalaritza-establezimenduei. Ziur gaude aurten ere pintxo landuekin gozatuko dugula, eta hauetan aurkituko dugun zaporea, produktua eta aurkezpena harrigarria izango dela”. Hala, aurten ere 16 establezimenduak hiru gunetan banatuta egongo direla jakinarazi du: “aurten pintxo onenaren saria eskuratzeko lehiatuko diren ostalaritza establezimenduak dira Oasis, El Cojo, Singing, Batzoki, Txiri Txiri, Hotel Harrison, Vintage, Auzokoa, Leku Berri, Autzagane, Errota Barri, Berezi, Sharky, Venecia, Xiberu eta Hogan´s”. 

Ordutegia, epaimahaia eta sariak

Zinegotzi zornotzarrak azaldu duenez, edizio berri honetan lehiaketaren ordutegia eguerdi eta arratsaldekoa izango da, 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara: “horrela, parte-hartzaile edo establezimendu bakoitzak erabakiko du ordutegi horretatik kanpo lehiaketara aurkeztutako pintxoa zerbitzatu edo ez”.

Martiartuk jakinarazi duenez, aurten nobedadeak izango dira sariei dagokienez: “epaimahai teknikoak emango du lehen saria, 1.000 euro, txapela eta garaikurra. Herri-epaimahaiak bigarren saria aukeratuko du, aurrekoaren balio bera izango duena: 1.000 euro, txapela eta garaikurra. Gainera, herri-epaimahaiaren eginkizuna izango da edizio honetako Top 10a aukeratzea; hautatutako hamar ostalaritza-establezimenduek diploma bat jasoko dute”.

Aurtengo berrikuntza zerbitzari onenaren sarian dago: “bederatzigarren edizio honetan, ohiko plakaz gain, 250 euroko saria jasoko du eskudirutan”. Publikoaren sariari dagokionez, Martiartuk adierazi du 500 euroko zozketan parte hartu nahi dutenek eremu bakoitzeko hiru zigiluak izan beharko dituztela txartelean.

Dendariak eta Iraunkor

Bestalde, Martiartuk gogorarazi du Dendariak merkatari elkartea eta Iraunkor ere Jan Alai lehiaketaren sustatzaileak direla, eta, beraz, sari propioak emango dituztela: “Dendariak elkarteak 25 motxila izozkailu zozkatuko ditu lehiaketako pintxo guztiak probatu dituzten eta kartilla guztiz beteta aurkezten duten pertsonen artean; eta Iraunkorrek, bere aldetik, hiru saski zozkatuko ditu lehen sektoreko produktuekin, gutxienez zona bakoitzeko hiru pintxo probatu dituzten eta txartelean dagozkion zigiluak dituzten herritarren artean”.