Amorebietako Zornotza Aretoak hasi berri den ikasturte berrirako egitaraua aurkeztu egin du prentsaurreko batean.

Sarreran, Agirrebeitiak kultur programazio ona izatearen garrantzia gogorarazi die bertan bildutakoei: «Zornotzarrek gure udalerrian kultur eskaintza ona izan dezaten lan egiten dugu, beste herri batzuetara mugitzeko beharrik senti ez dezaten. Garrantzitsua da gogoraraztea antzerkiak, kontzertuek edo kultura-ikuskizunek onura ugari dakartzatela herritarrentzat, eguneroko errutinaren ihesbide baitira, tarte atsegina bat bizitzeko momentua. Kultura-jarduerek eragin positiboa dute bizikidetzan, eta pertsonen autoestimua hobetzen laguntzen dute”.

Egitarau zabala, urritik abendura

Jarraian, Ainhoa Salterainek hartu du hitza hurrengo hiru hilabeteetarako programatutakoa azaltzeko, urritik abendurakoa. Zinegotzi zornotzarrak adierazi duen bezala, Glu Gluren Munduari itzulia 80 egunetan antzezlanaren estreinaldiarekin hasiko da programazioa:“Ohorea da familia osoarentzat egokia den obra hau estreinatzea gure herrian. Ugaitz Alegriak, obraren zuzendariak, xehetasun guztiak azalduko dituen arren, produkzio-etxe honek dibertsitate funtzionalaren alde egiten duen lana azpimarratu nahi dut, obra ikusmen eta entzumen zailtasunak dituzten pertsonentzat egokitua baitago. Ikuskizun osoan zehar, behar duten pertsonek beharrezko baliabide teknikoak izango dituzte obraren esperientzia jaso eta zabaltzeko”.

Programazioarekin jarraituz, Salterainek bi talde zornotzarren parte hartzea azpimarratu du: «Familia osoari zuzendutako bi ikuskizun izango dira. Alde batetik, Miren Larrearen Anita Maravillas konpainia Zornotza Aretoan izango da datorren urriaren 22an Pintto Pintto antzezlanarekin. Bestalde, Markeliñek Grand Mamut lana aurkeztuko du abenduaren 29an. Aipatutako lanez gain, Batetik besteraobraz gozatzeko aukera ere izango da, Benetan be konpainiaren eskutik eta hau ere familia osoari zuzendua”.

Helduei dagokienez, Salterainek La Dramática Erranteren Yema lana aipatu du: «Antzezleen artean Loli Astoreka aktore zornotzarra dago, eta Ane Pikaza izango du protagonista, zornotzarren artean ere ezaguna den aktorea urte askoan Haizetara aurkeztu izanagatik. Era berean, Salterainek jakinarazi du, komedia ere izango dela programatutako lanen artean: “Maribel Salas eta Aitor Fernandinoren mailako aktoreak Zornotza Aretoko eszenatokira igoko dira Erre Produkizioaken FAKE trampantojo obrarekin”.

Era berean, zinegotzi zornotzarrak azaldu moduan, Zornotza Aretoak Estatuko konpainien lanak ere hartuko ditu: “Alde batetik, Teatro Corsario-ren eskutik, Celestina infernal obraz gozatu ahal izango dugu. Eta, beste alde batetik, Atalaya konpainiaren Rey Learobra, 2019ko MAX sarietan izendapen gehien jaso zituen lanetako bat eta sei Lorca Sarien irabazlea dena”.

Elkanoren 500. urteurrenak ere tarte berezia izango du hiruhileko honetako programazioan: “Magallanes y Elcano, Em2-Ajidnha konpainia poltugaldarraren lana izango dugu ikusgai. Obra honetaz gozatzera hurbiltzen diren pertsonek gorabeherak, liskarrak, saiakera ezberdinak, ezezaguna dena ezagutzea, ametsak, beldurrak eta gizateriarekin topaketa ezberdinak biziko dituzte. Magallanes hondartzatik abiatu eta bertan hil zen. Elkano iritsi egin zen. Alde historiko hori denok ezagutzen dugu, gainerakoa antzezlanean ezagutzeko aukera izango da”.

Antzezlanak alde batera utzita, Salterainek azpimarratu du dantzak ere baduela leku propioa Zornotza Aretoaren programazioan: «Hiru ikuskizun izango dira tarte atsegin bat igarotzeko: Logela & Circle of Trust-en Su(I)rrealismo lana; honi esker, Breakdance modalitatearen bidez, 30eko hamarkadako Parisen sartuko gara, Bigarren Mundu Gerraren hasieran. Idi begi, Proyecto Larruarena, Euskal Herriko idi-lasterketetan inspiratutako dantza garaikideko ikuskizuna; eta Nijoyome, zornotzar txikienei zuzendua, Nuria Perezen dantza konpainiaren eskutik.

Musika Gertu programari dagokionez, hiru hilabete honetan nazioarteko emanaldiak izango dira, biak Estatu Batuetatik etorriak: “Chris O’leary blues abeslari estatubatuarra Zelaietan arituko da urriaren 6an; eta Josh Hoyer, Soul Colossal taldearekin arituko da azaroaren 10ean”.

Amaitzeko, zinegotzi zornotzarrak gogorarazi du Musika Banda ere hiruhileko honetako programazioaren parte dela: «Bi kontzertu eskainiko ditu, lehena azaroaren 12an, Zinema atzo eta gaur; eta bigarrena abenduaren 17an, Atzo eta gaurko klasikoakizenburupean”.

Glu Glu familiaren obra berria

Programaren aurkezpenaren barruan, gaur Zornotza Aretoan bildu direnek Glu Glu familiaren Munduari itzulia 80 egunetan obra berriko eszenetako batez gozatu ahal izan dute. Ugaitz Alegria zuzendariak azaldu duenez, familia osoari zuzendutako obra honek elkarbizitza sustatzea du helburu, abenturaz beteriko istorio baten bidez: “Julio Verneren Munduari bira 80 egunetan liburu ospetsuaren bertsio librea da. Tonu komiko eta musikalarekin, lanaren trama nagusia kontatuko da, baina gure errealitatera egokituta. Liburuko eszena tipiko batzuk emulatuko dira eta pertsonaia berriak egongo dira”.

Alegriak azpimarratu duenez, antzezlan batetik haratago, bertaratzen diren herritarrek beste modu batera gozatuko dute: "Soinu inguratzailea deitzen diogunari esker, obran sartu ahal izango dira". Kontua da abenturan murgiltzea eta denak batera bidaiatzea. Publikoa dramaturgiaren parte izango da soinuari esker; eszenatokitik ez ezik, aretoko puntu estrategikoetatik ere aterako da, ikusleek esperientzia hainbat lekutatik bizi dezaten, emozioa eta dardarak sentituz”.

Amaitzeko, zuzendariak aurreko lanetan dibertsitate funtzionalaren alde Glu Gluk egiten duen lana azaldu du, ikusleak beren genero, izaera, arraza, gaitasun psikiko, fisiko edo sentsorialagatik baztertuak senti ez daitezen: “Lan honetan, gainera, soinu-baliabide berriak garatzen ari gara. Horrela, ikusmen eta entzumen zailtasunak dituzten pertsonek ikuskizunaz gozatzeko eta bizitzeko entzumen-baliabide teknikoak izango dituzte. Hala, ohiko soinu-efektuez gain, hainbat akonpainamendu-ahots gehituko dira, argiztapenaren ñabardurak, aipuak, eszena bakoitzaren xehetasunak edo pertsonaien ekintzak azaltzeko”.