Síguenos en redes sociales:

Etxebizitza birgaitzeko bulegoa ireki du Sestaok

Sestao Berri sozietate publikoak etxebizitzak birgaitzeko bulego berri bat ireki egin du Sestaon. Bertan Europako laguntza ekonomikoak izapidetu ahal izango dira.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik eta Sestaoko alkate Ainhoa Basabek prentsaurreko batean jakinarazi dutenez, Sestao Berri sozietate publikoak – Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak % 50eko partaidetza du sozietate horretan– hartuko ditu bere gain Birgaitze Bulegoaren eta Eusko Jaurlaritzaren erakunde laguntzailearen eskumenak Europako Next Generation EU funtsen eta Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez etxebizitzak eta eraikinak energia-arloan birgaitzeko laguntzak izapidetzeko.

Horrek esan nahi du beren etxebizitzan energia-birgaitzeko obrak egin behar dituen jabeen edozein erkidegok edo edozein partikularrek Sestao Berriren bulegoetara jo ahal izango duela abian jarri diren laguntza-ildoei buruzko informazioa lortzeko eta laguntza horiek bertan izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza batera joan beharrik gabe.

Dirulaguntza horien helburua da trantsizio berdea, deskarbonizazioa, energiaefizientzia eta energia berriztagarrien hedapena sustatzea, eta, bereziki, eraikitako parkea birgaitzeko eta hobetzeko jarduketak hiri-esparruetan zein landa-esparruetan bultzatzea (energiaren eta jasangarritasunaren esparruan ahalik eta asmorik handiena ziurtatuz) eta, aldi berean, eraikinen kalitatea, kontserbazio-egoera, irisgarritasuna eta digitalizazioa hobetzen lagunduko duten jarduketa integralak sustatzea.

Sestaoko udalerriak Ezkerraldeko etxebizitza-parkerik zaharrenetako bat du. Duela 100 urte baino gehiago eraiki ziren familia bakarreko eraikin eta etxebizitza ugari daude, eta gainerako eraikin gehienak 1979. urtearen aurrekoak dira. Horrek bertako biztanleen bizi-kalitatean eragina duten hutsune larriak eragin ditu, eta, haien artean, isolamendu termikoaren gabezien ondoriozko energiaefizientzia urria azpimarratu behar da. Horregatik, dirulaguntza horiek aukera paregabea eskaintzen diete herritarrei beren etxebizitzak energetikoki birgaitzeko eta etxebizitza erosoagoak izateko.

Sestao Berrik bi pertsona kontratatu ditu –teknikari juridiko bat eta aparejadore bat– Birgaitze Bulegoa kudeatzeko. Aurreikusitakoaren arabera, datozen egunetan hiru bilera egingo dira udalerrian finken administrazioan diharduten enpresekin, arkitekturaren arloko eta eraikuntzaren arloko profesionalekin eta birgaitze-enpresekin, baliabide horren berri emateko eta birgaitze-obrak finantzatzeko gaitu diren dirulaguntza berriei buruzko informazioa emateko.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza-programa horrek 39,1 milioi euroko aurrekontua du hasieran, eta beste 47,2 milioi euro daude konprometituta datozen hilabeteetarako. Zenbateko horiek Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Udalak birgaitze-jarduketak bultzatzeko emandako laguntzei gehitu behar zaizkie.

Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik azpimarratu duenez, “laguntza hauen bidez, euskal herritarrek aukera ona dute beren bizi-kalitatean eta hornikuntzen kostuari lotutako aurrezpenean jauzi kualitatibo bat egiteko, beren etxebizitzen eta bizitegi-eraikinen energia-birgaitzeari esker. Gainera, Sestaoren kasuan, informazioa eskatzeko Sestao Berriren bulego bat hurbil izateak lagundu egingo die prozesuan”.

Sestaoko alkate Ainhoa Basabek, bestalde, dei egin die herritarrei aukera balia dezaten: “Europako funts horiek aukera historikoa dira ikuspuntu ekonomikotik familientzat garestiak diren obra horiek egiteko; horregatik, auzotarrak animatu nahi ditugu Sestao Berrira hurbiltzera, informazioa jaso dezaten eta eraikina edo etxebizitza efizientzian eta jasangarritasunean oinarritutako irizpideei jarraikiz berritzeko urratsa egin dezaten”.

Azkenik, Sestao Berri sozietate publikoko zuzendari kudeatzaile Luis Carlos Delgadok azpimarratu duenez, “birgaitze-bulegoaren eta erakunde laguntzailearen zerbitzu hau Eusko Jaurlaritzak herritarrengandik hurbil irekitako leihatila bat da, energia-birgaitzerako laguntza handiak Sestaoko ahalik eta etxebizitza gehienetara irits daitezen, gure egungo parke eraikia hobetu ahal izan dezagun eta parke hori efizienteagoa, irisgarriagoa eta erosoagoa izan dadin”.