Síguenos en redes sociales:

Adikzioak prebenitzeko jardunaldiak berreskuratuko ditu Santurtzik

Udalerriko ikastetxeei, familiei eta ikasleei bideratutako adikzioak prebenitzeko jardunaldien edizio berri bat antolatuko du Santurtziko Udalaren Gizarte Ekintza eta Berdintasun sailak. Guztira 4.000 pertsona inguruk hartuko dute parte.

"Beti egin dugu prebentzioa adin-tarte guztietan sustatzearen aldeko apustua, gazteenetatik hasita. Adikzioen prebentzioa guztion artean egin beharreko lana da, ikasleei zuzendutako programa horretan arreta berezia jartzen dugu. Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu, edozein adikzio mota saihesteko, edo okerrenean atzeratzeko, baina helburu nagusia adikzioa prebenitzea da, eta horretan ahalegindu behar dugu alde guztietatik», adierazi du Itziar Carrocera Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotziak.

Horretarako, eta zehaztu duen bezala, eragile posible guztiek hartzen dute parte, hala nola familiak, irakasleak, elkarteak eta ikasleak berak, eta honako hauek nabarmentzen dira batez ere: cannabisaren prebentzioa, afektibitatea, alkoholaren kontsumoak dakarren arriskua, joko patologikoa edo Interneten eta teknologia berrien arriskuak, bai eta elikadura eta jarariketa fisiko egokiaren garrantzia ere.

Udalak bultzatutako programazio osoari dagokionez, eta zinegotziak zehaztu duenez, hainbat lan-ildo antolatu dira:

Lehen Hezkuntzan, “Kerik gabeko espazioak” programa, Interneteko eta sare sozialetako arriskuen prebentzioa eta elikadura eta ariketa fisiko egokiaren garrantzia azpimarratuz.

Bigarren Hezkuntza, jorratu beharreko hainbat puntu nagusi dituela, hala nola, Interneteko eta sare sozialetako arriskuak; alkohola, Alkoholiko Anonimoak elkartekide batzuek lehen pertsonan emandako testigantzak barne, baita koma etilikoaren kasuan lehen sorospenak ere; kalamuaren prebentzioa; apustuak; eta elikadura eta ariketa fisiko egokiaren garrantzia.

Familiak, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako seme-alabak dituzten familiei prestakuntza eta aholkularitza eskainita, haiek lehentasunezkotzat jotzen dituzten eremuetan.

“Gure esku dagoen guztia egiten jarraitu behar dugu mendekotasuna txikitatik prebenitzeko, eta horrela egiten jarraituko dugu, nerabezaroa inguratzen duten agente guztiak kontuan hartuta, emaitzarik onenak lortzeko” esanez bukatu du Carrocerak.