Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta aurreko bi edizioak bertan behera utzi behar izan ondoren, 'Aitte Kurutzekuek' jaiak berreskuratu egingo ditu aurten Abadiñok. Udalak egitarau berezi bezain zabala prestatu egin du jai-egun guztietarako. Jarduerak Talde Batuak dantza taldearen eta auzotarren laguntzarekin antolatu dira.

Programazio gehiena asteburuan izango da. Horrela, Abadiñok pijama eta kamisoien jai herrikoia berreskuratuko du barikuan. Jarduerak 17:30ean hasiko dira, Zelaietako pilotalekuan jokatuko diren pilota-partiduekin eta parrillada herrikoia egingo da 20:00etan. Hortik aurrera, musika Lotxorekin eta adin guztietarako animazioa patata dantzarekin, eta Izaro DJarekin gauerditik aurrera.

Zapatuan puzgarriak eta umeentzako tailerrak antolatu dira, eta 20:00etan lehiaketarako tortillak entregatuko dira. Domekan, gai nagusia Euskal Herriko jaiak izango dituen “Mozorro Eguna” ospatuko da. Eguna Urkiolarako bizikleta igoerarekin hasiko da. Egun horretan herri bazkaria izango da (Maleta sikue) eta arratsaldean erromeria Mugi Panderoarekin. 20:30ean Donien Atxa kenduko da, horrela, jaien amaiera adieraziz.

Egitaraua

Irailak 13

  • 18:30 Urteera Ferialekutik Andra Marira Donien Atxaren bila.
  • 20:00 Donien Atxa sartu. Ondoren, pintxoak.

Irailak 14

  • 11:30 Meza. Ondoren, pintxoak.

Irailak 16. Pijama eta kamisoi eguna

  • 17:30 Pilota partidak frontoian
  • 20:00 Parrillada
  • 20:30 Dantzaldia Lotxo taldeagaz
  • 21:30 Patata dantza umeentzat
  • 00:00 DJ Izaro
  • 00:30 Patata dantza helduentzat
  • 03:00 Kulero eta gantzontzilo lasterketa.

Irailak 17

  • 17:00 Puzgarriak eta tailerrak umeentzat
  • 20:00 Lehiaketako tortillak entregatu

Irailak 18: Mozorro eguna (Gaia Euskal Herriko jaiak)

  • 08:30 Txirrindulari igoera Urkiolara
  • 12:00 Txupinazoa
  • 14:00 Herri bazkaria (Maleta sikue)
  • 17:00 Erromeria Mugi Panderoa taldeagaz
  • 20:30 Donien Atxa kendu eta jaiak amaitu.