Bermeoko Galerna Taldeak, Udalaren laguntzarekin, Galerna Eguna antolatuko du bihar, abuztuaren 12an. Oroimen egun honen ardatza XX. mendean Euskal Herrian izandako lan istripurik handiena oroitze izango da. Orain dela 110 urte, 1912ko abuztuaren 12an, Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan zeuden eta bizia galdu zuten 143 arrantzaleak –euretatik 116 bermeotarrak, beste 16 lekeitiarrak, Elantxobeko zortzi eta Ondarroako hiru– omentzea izango da. Besteak beste, ezbehar hau gogorarazteko lore-eskaintza eta itsasontzien prozesioa egingo dira, kandelekin lagunduta.

Urtero antolatzen den hitzordua, “Bermeoko herriak arrantzale horiei guztiei eta euren bizia aurrera atera behar izan zuten familiei omenaldi txikia” egingo zaie. 21:00etan hasiko da biharko ekitaldia Olatu moilan Kankinkabara Txistu Taldearekin batera egingo den prozesioarekin. Ondoren, Serrats kontserberak kandelak banatuko ditu. Itsasontzi tradizionalak ere hurbileko portu barruan itsasoratuko dira, gauak lagunduta –21:30etan ekingo diote–. Azkenik, ordu horretan bertan, lore-eskaintza egingo da ekitaldi hunkigarri batean. Pertsona guztiak ekitaldi honetan parte hartzera gonbidatuta daude “gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoarekin dugun lotura gogoratzeko”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.

Galerna oihartzun nabarmena izan zuen orduko Bermeoko gizartean. Izan ere, arrantzaleen galera izugarriak ehunka umezurtz utzi zituen. Aingeru Astuik galernari buruz idatzi zuen liburuxkan dioenez, 2012 urtean argitaratu zena ehungarren mendeurrenaren ekintzen barne, “Bermeoko biztanleriaren ehuneko bata galdu zen eta 74 emakume alargun eta 225 umezurtz gelditu ziren”. Gertatutakoak “aldaketa sozial ugari” ekarri zituela dio Astuik. Alde batetik,biktimen familiak pobrezia larrian erortzeko arriskuak “jendartearen solidaritate eta laguntzeko ekimen ugari sortu zituen”. Bestetik, “arrantzaleen bizimodu gogorraz eta lan baldintzetaz hitz egiten hasi zen. Eta azkenik, hondamendi honen eragina gutxitzeko eztabaida tekniko eta sozialak areagotu ziren meteorologia, ontzigintza, salbamendua edota portuetako azpiegiturei buruz, besteak beste”.

1912ko galerna

Egitaraua. Bermeoko herriak hildako arrantzaleei omenaldi txiki bat egingo die egunean zehar. 21:00etan hasiko da bihar, abuztuaren 12ko ekitaldia Olatu moilan. Ostean –21:30etan– itsasontzien prozesio isila eta lore-eskaintza izango dira portuan. Jardunaldian zehar, bestetik, Arrantzaleen Museoak doako sarrera izango du, eta Jabi Elortegiren gidaritzapeko ‘Galerna. Ekaitz ezezaguna’ dokumentala eskainiko dute eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Gonbidapena. Alazne Zumeta udaleko Kultura zinegotziak “gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoarekin dugun lotura gogoratzeko” gonbidapena luzatu die bermeotarrei.