Bi urteko etenaldiaren ostean, asteburu honetan Gautegiz Arteagak Karmengo jaiak ospatuko ditu. Tradizio handiko erromeria da berau, Karmen egunean ospatzen dena Zendokiz auzoan, Karmengo ermitaren inguruan. “Gautegiz Arteagako bizilagun asko itsasgizonak izan dira, eta horregaitik da tradizio handiko eguna, ilusioz gordetzen duguna. Aurton inoiz baino gogotsuago berreskuratuko dogu giro ona”, adierazi du Juan Felix Naberanek, Gautegiz Arteagako alkateak.

Ekitaldiak 12:00etan hasiko dira meza nagusiarekin; ondoren, herriko dantza taldearen txanda izango da, Artie Dantza Taldea, eta trikititxa erromeriak giroa alaituko du. Jai giroak Gautegiz Arteagan jarraituko dau abuztuaren 10ean. Egun horretan, Gautegiz Arteagako Udalak San Lorentzo jaiak ospatuko ditu Isla Bekoa auzoko ermitan. Baina jai nagusiak irailaren 1, 2, 3 eta 4an. San Antolin festetan denetarik izango da: mozorro lehiaketa eta desfilea, tortilla txapelketa, Ohian Vega DJa eta Ut taldearen kon-tzertuak, musika emanaldiak, San Antolin ermitako ospakizunak eta osteko erromeria, herri kirol saioak, Artie dantza taldearen emanaldiak, esku pilota partidak...

Naberanek gaineratu duenez, “gure San Antolinak herriko festa handiak dira eta bertan giro ona da nagusi. Udaletik herritarrak animatzen ditugu pilak karga daiezan, jaiez alaitasunez gozatzeko, baita euren mozorroak eta tortilla gozoen errezetak presta dezaten ere”.