Ostegun honetan gauean, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta bi urte etenda egon ondoren, Bizkaiko udalerri gehienek San Joan gaua ospatuko dute berriro. Hori dela eta, segurtasun-neurri batzuk zabaldu nahi izan ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak, informazio-kanpaina baten bitartez.

Horretarako, kartelak editatu eta banatu ditu lurraldeko udalerrietan. Bertan, suak prestatzean eta erretzen ari diren bitartean zein erreduraren bat sufritzen den kasuetan kontuan hartu behar diren gomendioak eta segurtasun-arauak jaso dira. Suhiltzaile foralak aldez aurretik jarri dira harremanetan lurraldeko udal guztiekin, erregistratuta dituzten suak kokatu ahal izateko eta, horrela, sua egiten duten pertsonei edo erakundeei informazioa helarazteko.

Aholku horien artean nola eta non egin behar diren, erre daitezkeen eta erretzen ez diren material motak eta zain behar diren prebenitzeko jarduketak azaltzen dira. Ildo horretatik Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek materialak metatu diren esparrua garbi eta sua zabaltzeko gauza izan daitezkeen erregairik gabe, hala belar eta sastrakak nola paper edo ehunak, mantentzeko eskatzen dute. Halaber, aholkatu dute suak eraikin, fatxada, hariteria elektriko edo bestelako instalazio guztietatik aldenduta egotea, baita zuhaitz asko pilatzen diren tokietatik ere.

"Garrantzitsua da sua zaintzeko arduradunak izendatzea eta udalari erreketa egingo dela jakinaraztea, bai eta baimenduta egotea ere", azpimarratu du Asier Luja Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko inspektoreordea. "Gainera, aintzat hartu behar da haize bolada gogorrak badaude onena erreketa bertan behera uztea izan daitekeela".

SUETAKO MATERIALAK

Aldundiko suhiltzaileek eskatu dute ez erabiltzeko era guztietako lehergaiak, likido suharberak edo eztanda egiteko moduko material guztiak, eta baita ke edo gas toxikoak eta kaltegarriak aireratzen dituzten gainerakoak ere. Era berean, gomendatzen dute ke asko eragiten duten produkturik ez erabiltzea.

"Ezinbestekoa da heldu bat erreketa ikuskatzen egotea, bai su horretara botatzen diren materialak kontrolatzeko, bai segurtasun-distantziak gordetzen direla bermatzeko", adierazi du Asier Lujak.

NOLA JARDUN ERREDUREN KASUETAN

Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak herritar guztiei suarekin kontu handiz jarduteko gomendatzen die eta gogoan eduki dezatela su horren okerreko erabilerak arriskua sortarazten duela.

Ustekabeko erredurak gertatzen badira erre den azala urez busti behar da; hasierako une horietan ez da pomada edo desinfektatzailerik aplikatu behar. Erredurak sakonak edo handiak badira SOS Deiak-era deitu behar da, 112 zenbakira, eta pertsona zauritua osasun zentro batera eraman behar da. Erre den aldea estali gabe utzi behar da edo, bestela, serum fisiologikoan bustiko den gasa esteril bat erabiliz estali.

Jaia inolako gorabeherarik gabe amaitzeko, foru suhiltzaileek gogorarazten dute nahitaezkoa dela sua ondo itzalita uzten dela ziurtatzea, horretarako ura eginda edo lurrez edo hondarrez estalita. Bizkaiko suhiltzaileek San Juan bezperako gauean izaten dituzten arazo gehienak su horiek gaizki itzaltzeagatik izaten dira.