Osasun egoerak ez du utzi uda partean ohiko izan diren Gernika-Lumoko Pasealekuko kirol txapelketak antolatzea. Aspalditik datorren tradizioa, milaka gernikar batu izan dituzte udan antolatzen diren lehiek. Egoera zorionez zeharo aldatuta, aurtengoan bueltan izango dira datorren astelehenetik aurrera kuadrilen arteko norgehiagokak. Eta antolakuntzatik jakinarazitakoaren arabera, "indarberrituta" datoz oraingo honetan. Hiru kirol bat eginda -futbito, saskibaloia eta pelota-, ekainaren 27tik eta abuztuaren 5a arterako programazioa aurkeztu zuten atzokoan. Etorkizunean ekimenari behar bezalako aupada ematea espero dute, denbora mantentzeko proposamenaz.

Izena epea amaituta -azken asteetan bete dena-, lortutako datuei buru jardun ziren. Eta arrakastaz bete dute lehen pausoa. Izan ere, futbito txapelketan 45 izan dira guztira parte hartzeko pausoa eman duten taldeak. Horietatik, 22 dira gazte mailakoak -benjamin, alebin, txiki eta kadete kategoriakoak- eta gainontzeko 23ak nagusienak dira. Hauek egunero arituko dira, arratsaldeko 16:00etatik iluntzeko 21:00etara artean. Saskibaloian nagusi edo senior mailako 16 taldek eman dute izena, eta gazte mailako hiruk. Nagusiek 17:00etan jolastuko dute, eta gazteen partidak 18:00etatik aurrera izango dira. Azaldu zutenez, "oraindik taldeek badute aukera izena emateko eta gehiago izateko esperantza badugu". Azkenik, esku pilotan lehiatzeko -horretarako aukera ere emanten du Gernika-Lumoko Pasealekuak- 15 bikotek eman dute izena, denak nagusien mailakoak. "Gaztetxoak inguruko beste hainbat txapelketetan ari dira azken asteotan; baita datozen asteetan ere, eta horrexegaitik ez dute nagusiek baino jokatuko", zehaztu zuten. Hala ere, jaso duten parte-hartzaile kopurua txalotu zuten, kontutan izanda azken bi urteotan ezin izan dela horrelako txapelketarik egin. Guztira, 500 bat pertsona inguru batuko dira.

Kirola, kultura eta aisia

Atzokoan Kultur Etxean agerraldia egin zuten Gernika-Lumoko Udaleko Gazteria zinegotzi Lourdes San Severinok, Gernika Erabil Areto Futbol Elkarteko Keldor Anparanek, Arkupe Pilota Klubeko Urtzi Bidaburuk eta Gernika KESBeko Julen Gomezek. Eta guztiek azpimarratu zuten udako kirol txapelketak sortzen duten giro berezia. "Hainbat eta hainbat urtez egin izan den ekimena da; geldialdiren batzuk izan dituen arren, azkena koronabirusaren ondorioz. Baina aurten berreskuratu egingo dugu eta etorkizunean horrelaxe jarraitzea espero dugu", esan zuen San Severinok. "Kirola, kultura eta tradizioa" uztartzen duen egitasmoa dela zehaztu zuen zinegotziak.