Euskal Herriko motorzaletasunaren egutegian markatutako hitzordua izan ohi da Bermeon ospatzen den Magurios jaialdia. Eta bi urte ospatu gabe izan ostean, Burujabestasun zelaiak asteburu honetan hartuko du ekimen berezia. Ohiko gozagarriak izango ditu, tartean musika kontzertuak, erakustaldiak edota inguruko Urdaibaiko Erreserba Biosfera edota Bizkaiko kostaldea ezagutzeko motor ibilbideak izango direlarik. "Egun bereziak" izango direla aitortu zuen Izaro Bikers elkarteko Aitor Lekuek. "Are gehiago bi urtetan izandako hutsunearen ostean", zehaztu zuen. Hitzorduan parte hartzeko eguneko eta asteburuko izen emate bonoen salmenta "erritmo onean" doala azaldu zuen Lekuek.

"Pasa den astean udako kultur egitarauaren berri eman genuen eta aipatu genuen normaltasuneranzko bidea hartzen gaudela. Bada, gaur aurkezten dugun ekitaldi hau horren erakusle bikaina da. Herrian 11. aldiz egingo den motor kontzentrazio honek bere ibilbidea egina du eta gustu handiz hartuko dugu beste behin ere. Ziur nago, urtero bezala, oso ondo aterako dela dena", aipatu zuen Bermeoko Kultur zinegotzi Alazne Zumetak.

Lekuek asteburu osoan zehar egongo diren ekintzak azaldu zituen. Ostiralean -ekainak 17- ekintza programari ekingo zaio. Egun horretatik bertatik doako kanpalekua zabalik egongo da. Ondo etorria egiteko antolatzaileek berakatz zopa eskainiko dute ostiralean. Hurrengo egunean, larunbatean, 11:00etatik 13:30etara motor ibilbidea egingo da Urdaibaiko eskualdean zehar. Bazkaria 14:30ean egingo da eta horretarako izena eman beharko da. "Larunbateko bazkari eta afariez eta igandeko bazkariaz gozatzeko 20 euro ordaindu beharko dira (18 on line bidez erosten badira gaslap.com/eventos-motorsport/magurios-2022/ webgunean). Larunbateko bazkari afariak bakarri nahi badira 12 euro ordaindu beharko dira (10 on line bidez)".

Larunbat arratsaldean 16:30etatik 19:00etara bigarren motor ibilbide bat antolatu da Bizkaiko kostaldean zehar eta 20:15etan Emilio Zamora stuntman delakoak ikuskizuna eskainiko du. Azkenik, 22:00etatikhasita The Bond Scott Band-ek kontzertua eskainiko du eta ordu horretatik 03:30era DJ Markelinek giroa alaituko du.

Igandean, 11:00etatik 12:30etara motor ibilbidea egingo da Urdaibai eskualdean zehar eta 13:30ean Zamorak bigarren erakustaldia eskainiko du. 14:30ean bazkaria antolatu da eta amaiera emango zaio jaialdiari.