Barakaldoko Udalak haur eta helduentzako estalpeko aisialdi-gune bat estreinatu berri du. Gaur goizean, maiatzak 30, plazaren inaugurazioa egin da.

Bizkaiko erreferentziazko ospitalearen parean espazio garbiago, irisgarriago eta modernoago bat sortu da, auzokideei plazaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera berriak emango dizkiena; izan ere, orain arte pasa-leku bat baino ez da izan. Horretarako, bi pergola sortu dira, plazaren bi espazio bereizi estaltzen dituztenak. Bertan, belar artifizialez egindako harmaila batzuk, haurrentzako jolastoki bat eta eserleku-gune bat jarri dira, adinekoek euritik eta eguzkitik babesteko erabil ditzaten.

Gurutzetako plaza eraberritzeko obrak iazko irailean hasi ziren eta 1,4 milioi euroko inbertsioa behar izan dute. Inguruan urteetan egin den berrikuntzarik handiena da, eta auzotarrentzako bilera- eta aisialdi-gune bihurtzeko asmoz egin da, baita plaza Vista Alegre kalearekin integratzeko helburuarekin ere. Era berean, tokia dinamizatu nahi izan da, egunero Gurutzetako ospitalera tratamenduak egitera edo senideei laguntzera etortzen diren pertsonentzako gune atseginago bat sortzeko.

Plaza hori diseinatzeko, Udalak kontuan hartu ditu auzoko bizilagunek egindako eskaerak, hala nola plazako pergolen kokapena hobetzea, atsedenleku zabalagoak sortzea eta jolastokia eta atsedenerako gunea bereiztea. "Hori da Gurutzetako plaza berri honek duen balio erantsietako bat, urte osorako aisialdirako alternatibak eskaintzen baititu, bai adinekoentzat, bai gazteenentzat. Horretarako, estalki garden batzuk jarri dira, haurrei parkean jolasteko aukera ematen dietenak (Gurutzetako laugarren parke estalia), eta, aldi berean, handik metro batzuetara, adinekoek estalpean atseden hartzeko lekua dute" azaldu du Amaia del Campo alkateak, gaur goizean udaleko hainbat zinegotzirekin batera plazan izan denak.

Gainera, eraldaketa honi esker Gurutzetako ospitaletik plazara iristeko sarbidea atseginagoa eta irisgarriagoa da orain. Halaber, plazan zegoen komun publikoa aldatu eta beste komun modernoago eta irisgarriago bat jarri da. Horrez gain, adinekoentzako parke osasungarri bat sortu da, ariketak egiteko makinekin.

AUZODEENTZAT PENTSATUTAKO PENTSATUTAKO ESPAZIO BERRI BAT

"Plazaren izaera hiritarra berreskuratu behar genuen; horretarako, plazaren bi aldeak hobeto lotzea erabaki genuen, plaza paisaian integratuz eta plazaren ingurune naturala erabat errespetatuz. Orain, espazio honek itxura atseginagoa, modernoagoa eta, batez ere, erosoagoa du gure bizilagunentzat. Horixe da, hain zuzen ere, eraberritze honen eta, oro har, hirian bizi dugun bigarren eraldaketa handiaren helburua. Aldaketa-une bat bizi dugu, non pertsonak eta auzoak protagonista ditugun. Gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetu nahi dugu, gure hiria haien egungo beharretara egokitu eta merezi dituzten zerbitzu egokiak eskaini" gogorarazi du Del Campok.

"Plaza honek helburu horiek betetzen ditu. Berrasmatu eta eguneratu egin dugu plaza, auzokide guztien bizitzaren parte izan dadin: haurrak parkean; gazteak harmaila berrietan; adinekoak estalkipeko eremu berrian eta parke osasungarrian; ospitaleko bisitariak kontsulten arteko itxaronaldietan...", azpimarratu du alkateak, eta herritarrak gonbidatu ditu plaza berriaz arduraz eta errespetuz gozatzera, guztiontzat egina baita.