Galdakaokoa bazara eta sukaldaritza gustokoa baduzu, adi honekin. Galdakaon jaiotako eta Legarreta Aizian jatetxeko chef-a den José Miguel Olazabalagak doako masterclass-ak eskainiko ditu asteazkenero, apirilaren 27tik aurrera, Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian.

Itzal handiko sukaldaria da galdakoztarra, aitortza ugari jaso dituena, eta, aldi berean, Galdakaorekiko lotura mantenduta, herrian antolatutako ekimenetan parte hartu izan duena. Oraingoan, bere jakintza bertatik bertara erakutsiko die herrikideei 10 saiotan, Galdakaoko Udalak herritarrentzako antolatutako ekitaldian.

Hilaren 27an hasi eta ekainaren 29an bukatu, asteazkenero egingo dira master class horiek 18:00etatik 19:30era Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian. Hortaz, egun hauetan egingo dira klaseak:

  • Apirilak 27
  • Maiatzak 4, 11, 18 eta 25
  • Ekainak 1, 8, 15, 22 eta 29

Horren berri emateko, Galdakaoko Udalak webgunean atal berezi bat sortu du, esteka honetan ikus daitekeena, eta bertan astero sukaldariak egingo dituen errezetak eskegiko dira eta baita nutrizio gomendioak ere.

Ekintzak doakoak izango dira, aurrez izen emanda, eta Galdakaoko Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu bertan parte har dezaten. Gonbidapenak eskuratzeko aukera egongo da Torrezabal Kultur Etxeko txarteldegian, webgune honetan, eta leihatilan, ekintza hasi baino ordubete lehenago.

Egitasmo erakargarri honekin, Galdakaoko Udalak bere Gobernu Planean agindutako 89. neurria beteko du: “Sukaldaritza tailerra eta elikadura heziketa”.