Egungo errealitateak gero eta zailtasun gehiago erakusten die Lekeitioko gazteei. Eta emantzipaziorako bidean zenbait egoerari aurka egin behar izaten diete. Hala, Lekeitioko Udalak egindako ikerketa baten arabera, “etxebizi-tzen prezioak eta eskaintza txikia dira Lekeitioko gazteen emantzipazioaren traba handienak”.Duela hilabete batzuk 18 eta 34 urte bitarteko gazteentzat emantzipazio plana egiteari ekin zioten. Guztira 420 inkesta egin ziren eta horietatik 300 emantzipatu gabeko gazteek erantzun zituzten eta beste 20 emantzipatutakoek. Analisi horretatik zenbait datu interesgarri utzi ziren agerian. “Adin tarte horretako gazteen %28,8 bakarrik dago emantzipatuta, baina 23tik gorakoen artean %42ra altxatzen da kopurua”, nabarmendu dutenez. Eta herrian den bigarren etxebiziten tasa altua ere argi geratu zen: “Lekeitioko etxebizitzen %40a ez direla etxebizitza nagusiak; oporretarako edo urteko sasoi batzuetan bakarrik erabiltzen dira horietatik gehienak eta batzuk hutsik daude urte osoan zehar”.

Bestalde, “alokairurako zein salmentarako eskaintza oso urria denez, prezioak oso altuak dira Bizkaiko zein EAEko beste zonalde batzuekin alderatuz gero”. Egoerari buelta eman ahal izateko, Lekeitiorako “epe laburrean 40 eta 60 etxebizitza beharko liratekeela” adierazten da. Eta ekimen bat agertzen da etorkizunerako. Udalaren planen artean dago hurrengo urteetan gazteentzako 60 etxebizitza egitea Telefonicako eraikinaren eremuan.