Zabalik dago dagoeneko datorren ekitaldirako Aurrekontu Parte Hartzaileetarako proposamenak aurkezteko epea Amorebieta-Etxanon. Hala, udalerriko biztanleak apirilaren 30era arte izango dute herria hobetzeko euren proposamenak azaltzeko epea.
Aurrekontu Parte Hartzaileak prozesu irekia dira, eta zornotzarrek udal aurrekontuaren zati bat zertan erabili proposatu dezakete. Amorebieta-Etxanoko Udalak 2023rako aurreikusitako inbertsioen %25 bideratuko du, 830.000 euro gutxi gorabehera. Prozesuak hiru fase izango ditu: proposamenak batzea, Udaleko sail ezberdinek proposamenak aztertzea eta lehenestea, eta 2023rako aurrekontu-proiektua osatzea.
AURRENEKO FASEA: PROPOSAMENAK AURKEZTEA
Lehenengo fasean, proposamenak egin ahal izango dituzte 16 urtetik gorako pertsonek eta elkarte, fundazio eta antzekoek, baldin eta nortasun juridikorik badute. Egindako proposamenak udal-eskumenekoak izan beharko dira, garrantzizkoak eta interes orokorrekoak, ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak, legezkotasuna bete beharko dute eta urtebeteko epe muga izan beharko dute, hau da, ez dute etorkizuneko aparteko gasturik sortu beharko. Era berean, ezin izango da proposamenik aurkeztu langileak kontratatzeko gastuetarako, enpresa edo profesional autonomoak kontratatzeko, diru-laguntzak edo bestelako laguntzak emateko, bekak eta sariak emateko, diru-sarrera publikoei buruzko erabakiak hartzeko, edo Udalaren eskumenekoak ez diren gaiak lantzeko, hala nola, geltokiak, ospitaleak…
Hori horrela, proposamen bat aurkeztu nahi duten zornotzarrek, besteak beste, aukera hauek dituzte: Udalaren web orriko formularioa beteta, edo HAZ (Herritarren Arreta Zerbitzura) edo Zelaieta Zentrora joanda.
BIGARREN FASEA: SAIL EZBERDINEN AZTERKETA ETA LEHENESPENA
Prozesuaren bigarren fasean, udal sail ezberdinek proposamenen edukia aztertuko dute ikuspegi tekniko, juridiko eta ekonomikotik; hala, hiru baldintza horietakoren bat betetzen ez duten proposamenak ez dira hurrengo fasera pasako. Era berean, udal sail ezberdinek proposamenak lehenetsiko dituzte aurrekontu-proiektuan sartzeko helburuarekin.
HIRUGARREN FASEA: 2023RAKO AURREKONTU PROPOSAMENA
Hirugarren fasean, baliozkotutako eta lehenetsitako proposamenak Amorebieta-Etxanoko 2023ko Udal Aurrekontuan sartuko dira. Udalak argitara emango du zein proiektu sartu diren eta zein ez.