Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroak bi erakusketa jasoko ditu martxoan, hilaren lehenengo egunetik azkenengora bitartean. Bi obra horien autoreak Alejandra Bueno artista eta Stop Bide Indarkeria elkartea dira. Lehenengoa martxoaren 8tik aurrera egongo da ikusgai, eta bigarrena, aldiz, hilaren 15etik 31ra.

EMAKUMEAREN ESTEREOTIPOARI KRITIKA FEMINISTA, UMORETIK ETA ABSURDOTIK

Alejandra Bueno artistaren erakusketak, ikus-entzunezko piezen eta argazkien bidez, emakumearen estereotipoari kritika feminista egitea du helburu, betiere umorea eta absurdua oinarri hartuta. Artistak berak azaltzen duen bezala, `No soy flor de tu florero´ izeneko erakusketak publikoari sortzeko moduaren berregituraketa eskaintzen dio, ikusizko logika heteronormatuak betikotzen ez dituzten sorkuntza-lengoaiei bide emateko. Buenok aurkeztutako lanek ikus-entzunezko hizkuntza lantzen dute, eta haren erabilera eta muntaiek helburu dute ikuslea analisi eta kritikara eramatea, hau da, hauei narratiba desberdinak eskaintzea.

Halaber, 16 urtetik gorako zornotzarrei zuzenduta, Alejandra Buenok tailerra eskainiko du: argazkilaritza sortzailea oinarri hartuta, rolak deseraikitzen ikastea izango da asmoa. `Mi selfie mis normas´ izenburua duen tailerra martxoaren 11n izango da, 17:00etatik 21:00etara, Zelaieta Zentroan. Parte hartu nahi dutenek Zelaieta Zentroan bertan eman beharko dute izena, aldez aurretik.

MUGIKORTASUN IRAUNKORRAGO BATEN ALDE

Stop Bide Indarkeria elkarteak hiru Aldundiekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Laboral Kutxarekin elkarlanean antolatutako erakusketa zabalik egongo da, publiko guztientzat, martxoaren 15etik 31ra. Bertan ikusgai dauden argazkiak Argazki Lehiaketa baten emaitza dira; bertan, mugikortasun iraunkorra eta emisio gutxikoa sustatzen zuten irudiak eskatu ziren, eskualde, herri eta hiri mailakoak. Hala, ikusgai jarriko diren argazkiek ibilgailu elektrikoaren, motozikletaren, bizikletaren, MPIaren eta oinezkoen erabilerari ikusgarritasuna ematea dute helburu. Erakusketak Amorebieta-Etxanon hasiko du ibilbidea, eta Bizkaiko udalerriak zeharkatuko ditu. Helburua da ibilgailu pribatuen erabilerari buruz kontzientziatzea.