Urtero bezala, Amorebieta-Etxanoko Udalak egitarau berezia eta zabala eskainiko du martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta.

Ainhoa Salterain Gandariasek, Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotziak azpimarratu du, martxoaren 8ko ospakizuna oraindik ere beharrezkoa dela emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzeko: «erakunde gisa, herritarren sentsibilizazioan sakontzen jarraitu behar dugu, gizartea kontzientziatzeko kanpaina eta programa instituzionalak bermatuz».

Hala, martxoaren 8an, eguerdiko 12:00etan, ekitaldi nagusia Herriko Plazan izango da: Amorebieta-Etxanoko Udalak deitutako elkarretaratzea eta Adierazpen Instituzionalaren irakurketa egingo dira. Ekitaldi honetan udalerriko ikastetxeetako ikasleek hartuko dute parte eta Udalak zornotzarrak animatu ditu gerturatzera. Era berean, Udalak zornotzarrak gonbidatu ditu martxoaren 8aren bueltan herriko elkarte feministek deitutako manifestazioan eta ekitaldietan parte hartzera

MARIXELARRE SARIA UDALEN ELKARTE ZORNOTZARRARI

Martxoaren 8aren inguruko beste ekitaldi nagusietako bat Marixelarre Saria izango da: aurten Udalen herriko lehen emakume elkarteari emango dio Udalak. Udalen kultur elkartea 1990ean sortu zen, 80ko hamarkadan herrian izan zen Emakumearen Sustapenerako Zentroaren hedapen gisa. Salterainek azaldu duenez, sari honek aitortza bat izatea du helburu: «emakume zornotzarrarentzat aitortza bat izatea nahi dugu, eta baita ere Amorebieta-Etxanoko emakumeen alde lan egin duten pertsonentzat eta erakundeenentzat, eta honen inguruko proiektuentzat». Ekitaldia martxoaren 5ean izango da, eguerdiko 12:30etan, Zelaieta parkean.

EMAKUME NEKAZARI ETA ARTISAUEN AZOKA

Martxoaren 5ean egingo den Emakume Nekazari eta Artisauen Azoka ere, martxoaren 8aren barruan antolatuko den beste jarduera nagusietako bat izango da. Salterainek gogorarazi duenez, azoka hau data finkoa da egutegian; izan ere, salerosketarako gune bat izateaz gain, sektoreko emakumeen urteko topagune ere bihurtu da: «Udaletik emakumeek lehen sektorean egiten duten lana aitortu nahi dugu, jasangarritasunaren alde egiten duten apustua, haien familiak, produktuak eta abar zaintzen egiten duten lana aitortu nahi dugu».

EKITALDIAK MARTXOAN ZEHAR

Aipatutako ekitaldiez gain, Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko jarduerak martxo osoan zehar izango dira. Martxoaren 1etik 31ra, Alejandra Bueno artistaren `No soy tu florero´ erakusketa egongo da ikusgai Zelaieta Zentroan. Gainera, artistak berak argazkigintza tailerra eskainiko du martxoaren 11n, 16 urtetik gorako gazteei zuzendua; parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute Zelaieta Zentroan. Bestalde, martxoaren 2an, Hezkidetza Espazioaren barruan, guraso eta tutoreei zuzenduta `LGTBIQ+ sexu dibertsitatea, gure seme-alaben kontua ere bada´ saioa izango da; izena aurrez eman behar da. Gainera, hilabete honetan bi antzezlan izango dira Zornotza Aretoan: ostiralean, martxoak 4, `Winona & Grace´, eta martxoaren 5ean, larunbata, Emakumeak munduan: `Butterfly Effect´. Musika ekitaldiei dagokienez, bi emanaldi izango dira Zelaietan: martxoaren 5ean, `Disdira Ahots Taldea´ zuzenean ariko da eta martxoaren 10ean, `Abeloved tribute to nina Simone´s Music´ kontzertua izango da Euniceren eskutik. Eta gazte zornotzarrei dagokienez, Gazte Txoko, Gauero, Ordu Olgetan eta Ludoteka programen barruan hainbat tailer, proiekzio eta eskulan antolatu dira. Horrez gain, ipuin kontaketa ere izango da Maite Francoren eskutik; `Arrosa eta Leuna´; martxoaren 5ean izango da, 12:00etan, Liburutegian.