Udalerrira eta eskualdera datozen bisitari askoren erreferentziazko gunea den Gernika-Lumoko Turismo Bulegoa hamazazpigarren urtez jarraian aintzatetsi dute Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuak (ICTE) ematen duen Kalitateko Q ziurtagiriarekin. Turismo Bulegoen Kalitateari buruzko UNE/187003/2008 araua betetzen dela egiaztatzen duen auditoretza gainditu ondoren lortu da zigilu hori, “kalitateari, segurtasunari eta profesionaltasunari dagokienez, kalitate-sistemaren ohar orokorra 8.76 izanik (10etik)”.Nota onarekin gainditu du Turismo Bulegoak egin dioten azterketa. Udalak kudeatutakoa, eskualden diren bulegoen artean bisitati gehien izaten dituena da Gernika-Lumokoa. Honekin batera, Urdaibai-Busturialdean beste bi bulego daude, bata Bermeon eta bestea Mundakan. Izendapena “hamazazpigarren urtez jarraian” jaso izana ederto baloratu dute Gernika-Lumoko Udaleko ordezkariek.
Hainbat gai aztertu dituzte eta jasotako indargune gisa, Gernika-Lumoko Turismo bulegoaren baliabideen eremua ageri da, “10etik 9.3 puntuko notarekin”. Turismo-erakundeentzako kalitate espezifikoa bermatzeko lehen sistema Q kalitate-marka da, “bisitariei eta herritarrei kalitate goreneko zerbitzua emateko Udala egiten ari den lana egiaztatzen” duena. Gernika-Lumoko Udaleko bozeramaileek zehaztu dutenaren arabera, “auditoretza horren ondorio nagusi gisa, azpimarratu behar da sistema guztiz bideratua dagoela EFQM (Kalitatea Kudeatzeko Europako Fundazioa) ikuspegiarekin. Oro har, oso ondo aztertzen dira datuak, hobetzeko eta udalerriko beste sail batzuk erakartzeko”. Bestetik, Turismo bulegoak duen 2021-2025 aldirako oso garatuta dagoen plan estrategiko bat zehaztu da. Plan horretan, Sektorearen Interes, Ikuskera, Misio eta AMIA taldeak definitzen dira.
Beste izendapen batzuk
Jakinarazitakoaren arabera. izendapen horiei gehitu behar zaie Eusko Jaurlaritzak 2021ean emandako Kudeaketa Aurreratuaren Diploma. Honek, “Euskalitek egindako kanpoko kontraste-zerbitzua jasotzen duten erakundeak eta kudeaketa aurreratua osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duten erakundeak” aintzatesten ditu.