Udalerritarren “bizi kalitatea hobetzeko” baliagarria izango den lan bati datorren astelehene honetan ekingo diote. Bermeoko erdigunea hobetu eta edertzeko lanak hasiko direla jakinarazi dute Bermeoko Udaleko arduradunek. Udalak Ispizua tar Segundo eta Prantzisko Deuna kaleak berrurbanizatuko ditu, “oinezkoentzako espazioak irabaziz eta dauden espaloiak zabalduz”. Adierazitakoaren arabera, helburua da “oinezkoei lehentasuna ematea erdigune atseginago bat lortuz eta urbanizazio moderno eta erosoagoa eraikiz”. Lan hauek burutzeko 531.122,87 euro bideratuko dira (B.E.Z. barne) eta aurreikuspena da bost hilabetetan bukatuta egotea. Beraz, abuztu parterako egitasmoa amaitutzat eman nahi dute.
“Gaur aurkezten ditugun lanek Bermeoko erdigunea asko hobetuko dute. Uste dut oso garrantzitsua izango dela herrirako. Gure herriko urbanizazioak egokitzen eta txukuntzen joan behar gara egungo beharrizanei erantzunez eta hemen lehen urratsa emango du Udalak”, adierazi du Aritz Abaroa alkateak. “Gure helburu estrategikoetako bi dira bermeotarren bizi kalitatea hobetzea eta herria edertzea. Uste dut lan hauek bete betean betetzen dituztela bi helburu horiek”, gaineratu zuen. Azkenik, “oinezkoek asko irabaziko” dutela nabarmaendu zuen, “lehentasuna izango baitute eta, gainera, erdiguneko trafikoa asko baretuko da”. Horretan erabakiorrak izan dira saihesbidea eta bere lotura errepidea. “Asko lagundu du honetan guztian. Legealdi honetan zabaldutako sarrera berriari esker, asko arindu da erdiguneko trafikoa”, adierazi zuen.
“Lanak bukatutakoan inguru hau guztia asko hobetuko da eta herriko urbanizazioen transformaziorako lehen urratsa izango da”, adierazi zuen Abaroak. Azaldutakoaren arabera, obra-eremua Kasinoko oinezkoen pasabidetik Fielato kaleko pasabideraino (egun semaforoa dagoen lekua) helduko da. “Kaleari oinezkoentzako izaera emateko, galtzada 6,00metroko zabalerara eta 6,50 metroko zabalerara murriztuko da, tokiaren arabera, eta espaloiak alde bietan zabalduko dira irisgarritasuna hobetzeko. Galtzadaren kota igoko da, espaloiaren kota berean utzita. Gainera, gaur egun dauden aparkalekuak mantenduko dira.Era berean, argiteria ere berrituko da”. Errepideari dagokionez, asfalto inprimatua erabiliko da eta lurpeko hornidura sareetan ere (argiteria, ur hornidura eta saneamendua) berrikuntzak egitea aurreikusi da. Horrez gain, “zenbait altzari berrijarriko dira, bankuak, loreontziaketa paperontziak barne, inguruaren irudia berritzeko”.