Udalerriko nagusientzako programazio zabala eskainiko du Amorebieta-Etxanoko Nagusi Aretoak ekainera arte. Egitaraua urte berriaren hasierarekin batera hasi egin da.

Ainhoa Salterain Gandariasek, Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak, 2022ko urtarriletik ekainera bitarteko programazioa aurkeztu du aste honetan, zentroaren bilakaera hobekien ezagutzen duten zornotzarrekin batera: Nagusi Aretoaren erabiltzaileekin. Salterainek gogorarazi du, 60 urtetik gorakoentzat zabalik dagoen gune honek helburu duela aisialdiaren arloan hauek dituzten beharrizanei, kezkei eta interesei egokitutako jarduerak sustatzea: «gaur hemen aurkezten ditugun jarduerak urrian postontzietan banatu genituen inkesten emaitza dira. Zuen laguntza izan dugu: galdetu egin genizuen, zuen proposamenak entzun ditugu eta datozen hilabeteetarako programatu ditugu».

Salterainek azaldu duenez, zazpi urteko ibilbidean, Nagusi Aretoa testigu izan da 60 urtetik gorakoek gizartean duten zeregin aktiboaz, eta hau balioan jarri du: «espazio hau beraien topagunea da, elkartzeko, izan ditzaketen kezkak partekatzeko eta profesional baten babesa sentitzeko. Nagusi Aretoko erabiltzaileak programa ezberdinen inguruko informazioaren eta orientazioaren bila gerturatzen dira, hau da, Nagusi Txartelari buruz, edota Imsersoko turismoari eta termalismoari buruz galdetzera. Era berean, osasunarekin, kulturarekin eta teknologiekin lotura duten hainbat jardueratan parte hartzen dute. Eta baita ere, udalerrian sustatzen diren jarduerei buruzko informazioa eskuratzen dute bertan, euskaltegikoa edo KZguneko informatika-ikastaroetakoa, esaterako».

Hamalau jarduera, ekainera bitartean

Gaur aurkeztutako programak hamalau jarduera biltzen ditu, hiru arlotan banatuta: kultura, osasuna eta teknologia berriak. Horien artean daude irteerak, ikastaroak, hitzaldiak…

KULTURA ARLOA

  • Bilboko udaletxera bisita
  • Guggenheim museoan bisita gidatua
  • Castillo de Muñatones - Ferrería el Pobalera bisita
  • Elorrioko udalerrira bisita gidatua
  • `Navegando en el mar´ itsasontzian Bilboko itsasadarretik bisita
  • Ingeles ikastaroa bidaietarako
  • Buru aktiboa ikastaroa
  • Kontsumoa, birziklatzea eta energia aurreztea lantzeko ikastaroa
  • Bizi testamentuari eta herentziei buruzko ikastaroa
  • Euskal Herriko historiari buruzko ikastaroa

OSASUNAREN ARLOA

  • Erlaxazio tailerra
  • Adinekoen paseo osasungarriak

TEKNOLOGIA BERRIEN ARLOA

  • Telefono mugikorra zelan erabili
  • Online izapideak

INFORMAZIOA ETA IZEN EMATEA

Informazio gehiago eskuratu edo jardueraren batean izena eman nahi dutenek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez egin dezakete, 94 630 00 02 telefonoan; Nagusi Aretoan, aurrez aurre; nagusiaretoa@amorebieta.eus helbidean; edo whatsapp bidez, 688 692 806 telefonoan. Bisita kulturaletarako, izena emateko epea bisita programatuta dagoen aste bereko astelehenean irekiko da.