Sestaoko Las Llanas futbol zelaiko tribuna nagusiak Sestao River taldearentzat oso garrantzitsua den Fernando Sancristóbalen izena eramango du. Sestaoko Udalak erabaki egin du herrian zein talde berde-beltzean oso maitatua den taldeko OLT-aren izena jartzea, omenaldi bezala. Gaur egun Sestao River taldeak Bigarren RFEF kategorian hartzen du parte.
Erabaki horrekin, Sestao River taldeko bazkide den Isidoro Temprano Gutiérrez bizilagunak aurkeztutako ideia onartu du Udalak. Tribunari Fernando Sancristobal izena emateko proposamenaren helburua hark talde berde-beltzean egindako ibilbide luzea aitortzea da, eta ekimena babestu zuten 1.794 sinaduretatik 1.216 baliozkotzat jo ziren.
Sinadura-kopurua proposamena herri-ekimen gisa aurkezteko nahikoa izan ez bada ere, Gobernu Taldeak eskaria bideratzea erraztu egin du puntu hori Udalbatzan onartu ahal izateko.
Fernando San Cristobalek 48 denboraldi daramatza OLT gisa lanean klub berde-beltzean, Sestao Sporten lehenengo eta, ondoren, Sestao River Cluben. Bere konpromisoari eta koloreekiko maitasunari esker, zale gehienen errespetua eta maitasuna bereganatu du.
Joan den astean Kultura Batzordean egindako tramitazioan, San Pedro Kirol Elkarteko kide Eliseo Molinuevori (Moli) antzeko omenaldia egiteko aukera jarri zen mahai gainean. Hark ere talde gorri-urdinean ibilbide luzea egina duenez, proposamen hori aztertu egingo da. Horretarako, Jesús Amenedo Kirol zinegotziak klubaren eta Eliseo Molinuarasen beraren iritzia jasotze aldera haiekin harremanetan jartzeko erabakia hartu zuten.