Mungialdeako Behargintzak Hazilan programan izena emateko epea ireki du. Mungialdean 2022ko apirilean egingo den Hazilanen azken aurreko edizioan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete 94 615 62 44 telefonoaren bidez edo orienta@mungialdeko-behargintza.com helbidera mail bat bidaliz. Langabezia egoeran edo lana galtzeko arrisku-egoeran dauden pertsonei zuzenduta dago programa (20 eta 44 urte bitartekoak eta goi-mailako prestakuntza edo altuagoa dutenak), eta laneratzeko beharrezkoak diren baliabideak lortzen laguntzen zaie.
Aipatzekoa da, 2016tik 2021era bitartean, Mungialdeko Behargintzaren bidez, 120 pertsonak baino gehiagok hartu dutela parte Hazilanen edizio desberdinetan. "Oso emaitza onak lortu dituzte; izan ere, proiektua amaitu ondoren % 68 hasi dira lanean", balioan jarri dute Behargintzatik.
Hazilan proiektua ezaugarri jakin batzuk aldi berean betetzen dituzten pertsonei zuzenduta dago: 20 eta 44 urte bitartekoak, langabezia egoeran edo lana galtzeko arrisku-egoeran daudenak, goi-mailako prestakuntza edo altuagoa duten pertsonak, aldi berean lana bilatzeko eta gaitasunak hobetzeko ahalegina egin eta elkarlanean batzen direnak.
Ibilbide horretan, "arrakastaz laneratzeko beharrezkoak diren baliabideak lortzen laguntzen zaie pertsonei, eta prestakuntza eskaintzen zaie lan-orientazioko eta enplegurako lanbide-heziketan kalitatea sustatzeko arloetan". Zentzu honetan, prestakuntza integrala, ingelesa edo identitate digitala eta marka pertsonala ere, besteak beste lantzen laguntzen zaie.
Prestakuntza-fase hori (Aktibatu) amaitu ondoren, parte-hartzaileek "beren konfiantza eta gaitasunak hobetzen dituzte, eta praktiken bidez (Kokatu-enpresako praktikak) enplegurako jauzia egiteko moduan daude". Praktikak 200 ordukoak dira eta horiei esker parte-hartzaileek benetako esperientzia lortzen dute, bakoitzak dagokion lanbide-profilari egokituta.
Proiektu hau datorren 2023ko abenduan amaituko da, beraz, azken edizio biak geratzen dira bertan parte hartzeko: lehenengoa, 2022ko apirilean, eta azkena, 2023ko martxoan egingo dira. Horrekin emango zaio amaiera EGIFek % 50 kofinantzatutako PO FSE 2014-2020 proiektuari.