Bi antzara mokolaburra askatu egin dira naturan, Bizkaiko Basafauna Berreskuratzeko Zentroan zaindu ondoren. Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez, bi animal horiek Trapagaranen eta Muskizen erreskatatu zituzten pasa den urriaren 9an ahulezia zantzuak zituztelako. Dirudienez, oso espezie ezohikoa da eremu horretan, eta eraztunak jarri zaizkie identifikatzeko eta jarraipena egiteko. Azaldu dutenez, Estatuan espezie horretako aleei egiten zaien lehen eraztunketa da.

Animalia horiek Muskizen eta Trapagaranen jaso ziren, eta, foru-instalazioetara iritsitakoan ahi aberastu batean oinarritutako elikadura behartua jaso zuten, ez baitziren euren kabuz jateko gai (haietako bat lurrean etzanda zegoen, altxatu ezinik). Asteak igaro ahala hegaztiak euren kabuz elikatzeko gai izan ziren berriro, eta beharrezko pisua errekuperatu zutela egiaztatu eta beste aldagai batzuk ebaluatu ondoren, zentroko teknikariek erabaki zuten aleak naturara itzultzeko baldintza ezin hobeetan daudela.

Urdaibaiko Biosfera Erreserban askatu baino lehen bi aleei eraztuna jarri zitzaien, eta Espainiako Estatuan eraztuna jarri zaie espezie horretako lehen animaliak izan dira.

Antzara mokolaburra anatidoen familiako hegaztia da. Europakoa da, Groenlandian eta Islandian hazten da, baina neguan Britainia Handira eta Herbehereetara lekualdatzen da. Antzara ertaina da tamainari dagokionez, 2 edo 3 kilo pisatzen ditu gutxi gorabehera, eta landa-antzararen antzekoa da, baina txikixeagoa eta trinkoagoa, lepo motzagoa du eta mokoan eremu arrosa txikia dauka laranjaren ordez.

Latitude hauetan ikusten zaila den espeziea da, nahiz eta azkenaldian zenbait ale ikusi diren Kantauri aldean eta Galizian.