Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek igande honetan amaituko dute Derion ikasgela mugikorraren ibilbidearen lehen fasea.

Aldundiak gogoratu duenez, horren bidez suteen aurkako prebentzioaren garrantziari lotuta dauden sentsibilizazio-lanak egiten ari dira Bizkaiko herritarrentzat oro har, eta haur eta gazteentzat bereziki. Suteen aurkako segurtasunaren eta autobabesaren printzipioak modu ludiko eta didaktikoan zabaltzeko ad hoc diseinatutako eta hornitutako edukiontzi eramangarri honek dagoeneko Santurtzi, Igorre eta Lekeitio bisitatu ditu.

Ikasgela mugikorra azaroaren 21ean, igandean, Derioko Aralar kalean egongo da, 10:30etatik 14:00etara.

Hitzaldiak, adibide praktikoak eta ginkanak egiteko edukiontzi zabalgarri eramangarriaz gain, kamioi autoponpa baten laguntza izango da. Jarduerak Uriosteko (Ortuella) parkeko suhiltzaileek egingo dituzte, herrian bertan dagoen parkeko kideen laguntzarekin.

Jardueren ordutegia:

10:30 - 11:30: Hitzaldia 6 eta 12 urte arteko umeentzat.

11:40 - 12:50: Hitzaldia gazte eta helduentzat (12 urtetik gorakoak).

13:00 - 14:15: Ginkana taldeka adin guztientzat.

14:30: Sarien banaketa eta jardunaldiaren amaiera.

Suhiltzaileen aurreikuspenen arabera datorren udaberrian Bizkaiko eskualdeetatik egin beharreko ibilbidea osatuko dute. Jarduera hau iazko azaroan bete zen Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren 50. urteurrena Bizkaiko herritarrekin partekatzeko asmatu zen, baina pandemiaren ondorioz atzeratu egin behar izan zen.