Aurreko bi topaketak bezala, Kultura Topaketen hirugarren saioak harrera bikaina izan du. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen ekimen honek Bizkaiko kultura-sektoreko eragileen arteko lankidetza eta osagarritasuna sustatzeko eta digitalizazioaren garrantziaz eta egungo egoeraz hausnartza du helburu.

Topaketa zikloa uztailean hasi zen Euskalduna Jauregian, eta bertan Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu zuenez, hilabete gogor hauetan agerian geratu da tokiko talentua aitortzearen eta balioestearen garrantzia, gero eta globalizatuagoa eta digitalizatuagoa dagoen testuinguru honetan. Bilbao Ibarrak azaldu zuenez, egoera horren aurrean beharrezkoa da elkar ezagutzea eta sektorea osatzen dugunon artean onartzea, elkarren osagarri izateko eta zalantzazko inguruneari berme osoz aurre egiteko..

Topaketetan erreferentziazko ekimenak aurkeztu dira, hala nola Loraldia, Artoteka, Traktora Artisten Kooperatiba, Fair Saturday, Art for live! Eta Anita Maravillas & Portal 71. Gainera, sektoreko parte-hartzaileek elkarri eragiteko eta elkar ezagutzeko aukera izan dute, eta, horrela, aurrera begira elkarlan posibleak sortu dituzte.

Bigarren saioa irailean egin zen ZAWP Zorrotzaurreko La Terminal aretoan. Topaketa horretan hainbat konplizitate eta kidetasun lantzen jarraitu zen, eta atzo Kultura Topaketen hirugarren eta azken saioan, parte-hartzaileek lankidetza-proiektu bat garatzeko eta aurkezteko ariketari egin diote aurre, hori posible eta beharrezkoa dela erakutsiz.

Hiru topaketetan, Bizkaiko kultura-sektorea osatzen dutenen ezagutzan eta aintzatespenean sakontzearen garrantzia azpimarratu da, lurraldean kultura-balioa sortzen jarraitu ahal izateko. Zentzu horretan, Bilbao Ibarrak adierazi du "behar-beharrezkoak direla politikak eta estrategiak diseinatzen ditugunon arteko komunikazioa eta koordinazioa, baina, era berean, inoiz baino beharrezkoagoa dela kultura osatzen dutenen argazki zehatza izatea." Diputatuak gaineratu duenez, "Aldaketarako garaia da, birpentsatzeko garaia da, une honetan behar handienak zeintzuk diren ikusteko garaia da, kultura egiteko modu berriak beharrezkoak diren ala ez pentsatzeko garaia da". Formatu eta merkatu berriak, kudeaketa-formula berriak, kontsumitzaile-profil berria eta kultura-ekitaldietara joaten direnak erakartzeko moduak, osasun-egoera global berriaren testuinguruan. Sektoreen arteko informazio- eta datu-trukea hobetzea: premia desberdinei erantzungo dieten eta jardunbide egokiak beteko dituzten plan askoz zuzenagoak diseinatu ahal izateko.