Aspaldi hasi zen Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatoa ingurune naturalaren oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak egiteari ekiten. Urteetako lana izan da. Lehendabizi, estuarioaren goiko tartean, naturguneetan barrena; eta azken hilabeteetan ibilibideak egiten ari dira, batez ere eskuinaldean eta BI-3234 errepidearen ondoa erabiliz. Bada, pauso berria emango dute aurki, Kanala eta Isla auzuneetako bidea zabaltzen dutenean. 500.000 eurotik gora inbertituta, etorkizunean Gernika-Lumo eta Lagako hondartza lotuta geratuko dira.24 kilometroko ibilbideak eraiki dituzte azken urteetan, baina etorkizunera begira Urdaibaiko Patronatoaren proposamena erakargarriagoa da, izan ere Matxitxakoko lurmuturra eta Elatxobe arteko ibilibidea egitea da datozen urteetarako erronka nagusia. Urdaibaiko ezkerraldeko adarra lotuta dago iada, nahiz eta eskuinaldean egoera beretsua izateko tarte handia falta den oraindik. Ekimenaren abantailei dagokienez, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Planaren zirriborroan ezarritakoaren arabera, irisgarritasuna hobetzea da helburu nagusia, hiriguneko nahiz landa-inguruneko biztanleguneetara eta Urdaibai Biosfera Erreserbako kultura eta natura-intereseko guneetara bidea erraztuz. Beste batzuen artean, jomuga dute estuarioko eskuin-ertzaren paisaia indartzea, intermodalitate-puntu desberdinak konektatzea garraio publikoa sustatuz. Bide-tartea exekutatzean, “gaur egungo garraio pribatu masiboaren erabilera gutxituko da, baita atmosferara egiten diren BEG isuriak ere (1.400 t CO2/urte murriztea aurreikusten da). Horren guztiaren ondorioz, klima-aldaketa arindu, eskualdeko biztanleriaren osasuna hobetu eta irisgarritasuna, konektagarritasuna eta mugikortasuna sustatuko dira”, adierazi dutenez.
2010 urtean hasita
Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak 2010etik 2014ra ekin zion egitasmoaren lehendabiziko pausoari. Orduatxe garatu zuen “Oka ibaiaren goi-estuarioko ondare naturalaren eta kulturalaren leheneratze integrala egiteko eta ondare horri balioa emateko proiektua. Horrek aukera eman zuen oinezkoentzako ibilbideen sare bat sendotzeko, bi ibaiertzak Forua eta Kortezubiren ingurunean lo-tzeko eta Gernika-Lumo udalerria goialdeko estuarioko udalerriekin lotzeko”.
2011 urtean, bestetik, oinezkoen ibilbide batzuk ere egokitu ziren BI-3234 errepidearen ezkerraldean, Ibarrangeluko herrigunearen eta Laga hondartzaren arteko eta Laida hondartzaren eta Kanala auzoaren arteko bide-tarteetan. 2014an, Kortezubiko herrigunearen eta Gautegiz-Arteagako Urdaibai Bird Center ekipamenduaren arteko oinezkoentzako ibilbidearen proiektua idatzi zen, eta joan den urtean gauzatu zen. Azkenik, 2020 iazkoan zehar, Laga eta Laida hondartzen arteko fasea gauzatu zen, Ibarrangeluko hondar-tza bi hauek oinezko eta bizikleten-tzako lotuz. Eta, azkenik, eskuinaldean falta zen azken tarteari orain-tsu ekin diote.