Bizkaiko Foru Aldundiaren 2022ko aurrekontua % 11,5 hazi egin da aurreko ekitaldiarekin alderatuz, onartu berri duen Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Foru Arauaren Proiektuan ezarri moduan. Guztira, 8.886,1 milioi euroko diru-sarrerak eta gastuak jasotzen ditu aurrekontuak.

Unai Rementeriak, Ahaldun Nagusiak, eta Jose Maria Iruarrizagak, Ogasun eta Finantzetako diputatuak, Batzar Nagusietan aurkeztuko den aurrekontuen proiektuaren ildo nagusien berri eman dute. Batzar Nagusietan aurrekontuek izango duten izapidetzearen fasean foru diputatuek sail bakoitzaren partidak zehaztuko dituzte azaroaren 8, 10 eta 11rako aurreikusita dauden batzorde-agerraldietan.

PROIEKTURIK ADIERAZGARRIENAK

Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, azpimarratu du aurrekontuen proiektua pandemiaren osteko susperraldia bultzatzeko diseinatuta dagoela eta esan du jarduera ekonomikoari eta enpleguari laguntzeko eta lurraldeak behar dituen trantsizioei aurre egiteko abian jarritako proiektuen garapenean aurrera egiteko egituratu dela.

Iraupen luzeko zainketen arloko trantsizioa, besteak beste, EtxeIKT zentroak, zainketei buruzko prestakuntza-plana edo Getxoko belaunaldien arteko zentroa bezalako proiektuekin.

Mugikortasun jasangarriago baterako trantsizioa, bizikleta elektrikoen zerbitzu publiko batekin, bide naturalekin edo Bizkaibusen flotara ibilgailu hibridoak gehituta.

Trantsizio digitala, enpresa txiki eta ertainen digitalizazioan eta Eup!-ren bidez tokiko merkataritzaren digitalizazioan inbertsioak eginez.

Trantsizio energetikoa, aitzindari moduan Energy Intelligence Center jarrita.

Era berean, inbertsio produktiboa handitzeko hainbat partida aipatu ditu, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen eta lurraldea modernizatzen dutenak. Horien artean daude, adibidez, Leioako Avanzada estaltzeko lehen lanak, Amorebieta-Iurreta bizikleta-pistaren eta itsasadarreko bulebarraren obrak, Omako basoa lehengoratzea edo Bizkaia Dorrean Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa abian jartzea.

Rementeriak aurrekontu honek bizi-kalitatea eta erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzu publikoak hobetzen dituela adierazi du, nabarmen handitzen delako udal-finantzaketa -Bizkaiko 112 udalek 2021ean baino 112 milioi euro gehiago izango dituzte-, baita Eusko Jaurlaritzari egindako ekarpena eta Kupoa ere.

Azkenik, gogorarazi du iaz Aldundiak ezohiko egoera baterako premiazko aurrekontua aurkeztu zuela eta zorpetzera jo behar izan zuela ekonomiaren geldialdia eragozteko. Hori dela eta, Rementeriak egoera ekonomikoaren hobekuntza zorra kentzeko eta kutxa onbideratua izaten jarraitzeko aprobetxatzeko konpromisoa berretsi du.

SARRERAK

Aurrekontuaren proiektua 8,886,1 milioi euroko diru-sarreren aurreikuspenean oinarritzen da, batez ere zerga itunduen bilketatik datozenak, finantzaketaren % 95,3 osatzen dutelako. 2022ko aurrekontuak diru-sarrera hori % 14,4 handitzea aurreikusten du 2021eko Aurrekontuen Foru Arauan jasotakoarekin alderatuta.

Era berean, finantzaketa handiagoa ezartzen du itundu gabeko diru-sarrerei dagokienez eta, aldi berean, zorpetzea murrizten da. 2022rako 235 milioi euroko zorraren jaulkipena aurreikusten du Bizkaiak, eta horietatik 79,2 milioi Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren erabakitik eratorritakoak dira. Erabaki horrek foru-aldundiek BPGaren % 0,2ko zorpetze-ahalmena izatea ezartzen du.

GASTUAK

Gastuen atalean, aurrekontu-proiektuak lehengo eta behin erakundeen konpromisoak betetzea ezartzen du: Bizkaiak Kupoaren kontzeptuan 440,8 milioi euro ordainduko dizkio Estatuari, eta beste 5.561,6 milioi Eusko Jaurlaritzari. 2021arekin alderatuta biak % 14tik gora hazi dira; ordea, udal-finantzaketa % 13,1 igo da, aurrekontuak 968,9 milioi euro jartzen baititu Bizkaiko 112 udalen esku, 2021ean baino 112,2 milioi gehiago.

Gastuen atala Batzar Nagusien finantzaketara, zorraren amortizaziora eta langile-gastuetara bideratutako partidekin osatzen da. Atal hau % 1,5 hazi da eta 1.459,8 milioi euroko aurrekontua uzten du eskuragarri foru-sailentzat.

SAILEK ESKURAGARRI DUTENA

Foru Aldundiko bederatzi sailek 2021ean baino 101,1 milioi gehiago izango dituzte, hau da, % 7,4 gehiago, eta hori sail guztietako partidetan islatzen da. Gizarte Ekintzakoak Aldundiaren gastu- eta inbertsio-ahalmenaren % 41 baino gehiago izango du, eta Azpiegiturak eta Lurralde Garapenak eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarriak % 16,4 eta % 12,8, hurrenez hurren, eta gainerako sailei dagokienez pisua guztizkoaren % 5 ingurukoa da.