Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin (BBUP) nazioarteko lankidetzarako lankidetza-hitzarmena berritu du. Zehazki, hitzarmen honen helburuak, 2011tik indarrean dagoenak, hornikuntzaren eta saneamenduaren arloko proiektuetan lankidetza teknikoa ahalbidetzen du, erakundeek helmugan dituzten gaitasunak handitzeko eta haien garapena, kudeaketa eta iraunkortasuna sustatzeko.

Funtsean, Partzuergoaren lankidetza biltzea du xede, lankidetza teknikoa eman dezan ur hornidurako eta saneamenduko proiektuetan, horiek baitira Udalak garapenerako lankidetzarako lehenetsitako sektoreak, lotura estua dutenak Agenda 2030 delakoarekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin, haien arteko 6. GJHarekin, egin-eginean: ur hornidura, uraren kudeaketa jasangarria eta saneamendua bermatzea.

Gaur arte, Partzuergoak eta Udalak nazioarteko lankidetzako programetan parte hartu izan dute El Salvadorren, Guatemalan, Bolivian eta Costa Rican.

"Hitzarmenaren garrantziaren gainean ezin da zalantzarik izan, hobetu egiten baitu Udalak daraman nazioarteko lankidetzaren kalitatea, zeren eta Uren Partzuergoak laguntza teknikoa ematen baitio Udalari proiektuak baloratzeko, haien jarraipena egiteko eta ebaluatzeko", azaldu du Itziar Urtasun Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako zinegotziak.

Era berean, Bizkaiko Uren Partzuergoak ezagutza teknikoak trukatzeko ekintzetan parte hartzen du, bai eta kudeaketa-ekintzetan ere, han proiektuaren hartzaile izango diren erakundeen gaitasuna handitzearren, eta haien garapena, kudeaketa eta jasangarritasuna sustatzearren.

Udalak berriro gogorarazi du Udalaz gaineko beste sektore eta eragile batzuei garapenerako lankidetzan parte harrarazteko beharra. Hala azaldu du Itziar Urtasun Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Saileko zinegotziak: "hau ez da finantza-funtsak kudeatze soil bat; laguntza teknikoa eta gizatiarra ere bada, proiektuaren hartzaile diren komunitateen ekonomia- eta gizarte-egoera eta ongizatea hobetzeko egikuneetarako, ur eskasiako eta saneamenduko egoerei konponbidea bilatzen baitzaie".

Lankidetza teknikoa, bada, esku hartzeko lerroetako bat da, Udalaren Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Gidariak lehentasunezko jarduntzat joa. Plan horretan berretsi egiten da Bilboko Udalaren lankidetzaren garrantzia eta zeregina, eredu propio baten araberakoa, zeinek, beste batzuen aldean dituen abantailak baliatuz, jasangarritasunaren alde egingo baitu, eta kudeaketa eraginkor, parte hartze bidezko eta garden bat irmotuko baitu. Garapenerako lankidetzako egikune hauen xedea da pobrezia egiturazkoaren kontra egitea tokian tokiko gaitasunak sendotuz eta emakumeen ahalduntzea eraginez.