Astelehen honetan aurkeztu dira Bilbao Bizkaia Turismo Bonuak. Guztira izango dira 48.000 bonu eta irailaren 22tik 16:00etan salgai egongo dira. Aurkezpena egin dute Javier Garcinuñok, Bilbao Ekintzako Zuzendari Nagusia, eta Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatuak. Azaldu dutenez, "udazken/neguan zentratu nahi da kanpainaren jarduketa, bereziki, zubietan eta Gabonetan, sektore turistikoarentzako negozio-aukerak sortzeko".

Bilboko Udalaren eta foru-erakundearen arteko lankidetza horrek bi milioi euroko inbertsioa izango du, bi erakundeek erdi bana ordaindu dutena. Kanpainaren helburu nagusia da pandemiak gogor jotako sektore turistikoari laguntzea, hirian eta lurraldean zuzeneko kontsumoa sustatuz; izan ere, aurreikuspenen arabera ia lau milioi euroko kapital mobilizatua sortuko baita.

Bonuen salmenta asteazkenean, irailaren 22an, hasiko da, 16:00etatik aurrera, webgune honetan: www.bonoturismobilbaobizkaia.eus. 48.000 bonuen prezioak honela banatuko dira: 80 € ostalaritzarako, 50 € jarduera turistikoetarako eta 200 € Bilbo Bizkaian kontsumitzeko produktu turistikoak eskaintzen dituzten agentzietan erabiltzeko.

Bonuen kanpaina hau izenduna izango da, beraz, erabiltzaileak bonuak eskuratzen dituenean adierazi beharko du bonuak zer establezimendutan/enpresatan erabili nahi dituen. Bonuak erosteko epea 2021eko abenduaren 31n amaituko da edo bonuak agortzen direnean.

NAN/AIZ bakoitzeko (adinez nagusiak eta egoiliarrak eta/edo bisitariak) 800 euro eskuratu ahalko dira bonutan, eta tiket edo faktura bakoitzeko hiru bonu erabili ahalko dira gehienez ere. Bonuak erabiltzerako orduan, tiketaren edo fakturaren zenbatekoa bonuen zenbatekoa bezainbeste edo gehiago izan beharko da, ez baita eskudirurik itzuliko. Bonu bat eskuratu dutenek bonuaren QR kodea aurkeztu beharko dute edo, bestela, erosketa egingo duen establezimenduan inprimatutako bonuak aurkeztu. Bonuak erabiltzeko epea asteazkenean, irailaren 22an, hasiko da, bonuen salmentarekin batera, eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da.

Mota honetako aurreko ekimenetan egin den bezala, bonuaren zenbatekoaren erdia bi administrazio publikoek ordainduko dute (Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak) eta beste erdia erosleak. Gainera, Bilbo Bizkaia Turismo Bonuak bateragarriak eta metagarriak dira beste administrazio batzuek abiarazitako kanpainekin.