Aldundiak 10 milioi inbertituko ditu Bizkaiko udalez gaindiko kirol-azpiegiturak hobetzeko

01.09.2021 | 13:46

Bizkaitarrek kirola egiteko aukera gehiago izan dezaten eta kirol-praktika baldintza hobeetan egin dezaten, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko udalez gaindiko kirol-azpiegituretarako dirulaguntzen deialdi berri bat onetsi du

Bizkaiko Foru Aldundiak, guztientzako kirolarekin duen konpromisoa zintzoki betez —pertsonen bizi-kalitaterako funtsezkoa delakoan—, dirulaguntzen lerro bat onetsi du, 10.000.000 eurokoa, 2021. eta 2022. urteetan inbertsioak egiteko udalez gaindiko kirol-instalazioetan. Lerro horretako dirulaguntzak tokiko erakundeek eskuratu ahal izango dituzte, hau da, udalek, mankomunitateek, kirol-arloko udal organismo autonomoek eta udal sozietate publikoek.

Dirulaguntzen lerro horren bidez, foru-erakundeak lurraldeko udalerrietako kirol-instalazioen diseinu-, irisgarritasun-, segurtasun- eta jasangarritasun-estandarrak hobetu nahi ditu, eta, hala sustatu nahi du Bizkaiko herritarrek instalazio horien erabilera trinkoagoa eta berdintasunezkoagoa egin dezaten eta azpiegiturok erabilera gehiagotarako balia dezaten. Azken finean, Aldundiak lurraldeko kirol-azpiegituren sarea prest eduki nahi du kirola egin nahi duten adin eta izaera guztietako pertsonek dituzten kirol-beharrizanei -etengabe aldatzen ari direnak- egoki erantzuteko.

Dirulaguntzak egitura aldatzeko eta espazioen bizigarritasuna egokitu edo hobetzeko izango dira, honako hauek barne: ekipamendua aldatzea, instalazioen barruko banaketa aldatzea edo instalazio berria eraikitzea.

Udalerri barruko biztanleek zein udalerriz kanpokoek baliatzekoa den instalazioa joko da udalez gaindiko kirol-instalaziotzat, betiere erabilera hori modu sinesgarrian egiaztatzen bada.

Dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa proiektuaren aurrekontuaren % 75 izango da; gehienez emango den kopurua, berriz, 500.000 euro. Foru-dekretu honen dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako jasotako beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin. Tokiko entitate bakoitzak dirulaguntzaren eskabide bakarra baino ezingo du aurkeztu.

Eskabideak aurkezteko epea irailaren 1ean hasi, eta hil beraren 15ean amaituko da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan aurkeztu behar dira; hona hemen helbidea: https:// www.ebizkaia.eus./es/inicio.

noticias de deia