Udalerriko etxebizitzak birgaitzea eta haietan irisgarritasuna hobetzea izango da Sestaoko Udalaren hurrengo erronka. Horretarako, 190.000 euroko aurrekontua bideratuko du Udalak.

Programa horiek lan-tresna bat dira udalerria zaharberritu eta modernizatzeko prozesuaren barruan eta helburu dute higiezinetan hobekuntza-proiektuei (fatxada birgaitzea, teilatua aldatzea, igogailuak instalatzea eta irisgarritasuna hobetzeko bestelako konponbideak) ekin dieten etxejabeen erkidegoen ahalegina saritzea.

ERAIKINAK BIRGAITZEKO LAGUNTZAK

Deialdi honen xedea da bizitegi-erabilera duten eraikinak oso-osorik birgaitu, fatxadak eta/edo estalkiak erabat konpondu eta beste elementu komun batzuk (hala nola egitura, patioak, ataria, eskailerak, instalazioak eta antzekoak) berritze aldera dirulaguntzak arautzea.

Eraikinak oso-osorik birgaitu eta elementu komunak berritu edo konpontzeko dirulaguntzak bakarrik Txabarri-El Sol Birgaitze Eremu Integralean kokatutako etxejabeen erkidegoei emango zaizkie.

Fatxadak eta/edo estalkiak erabat konpontzeko dirulaguntzak, berriz, udalerriko etxejabeen erkidego guztietarako izango dira.

Aurtengo deialdian parte hartu ahal izango dute obrak 2019. eta 2020. urteetan egin dituzten erkidegoak, baita horiek 2021ean amaitu dituztenak edo hala egitea aurrez ikusten dutenak ere, laguntza ekonomikoa jasotzeko ezinbestekoa baita lanak ekitaldi honetako abenduaren 31 baino lehen amaituta egotea.

Programa honen barruan 35.000 euroko aurrekontua esleitu da Txabarri-El Soleko eskaerei erreparatzeko eta 70.000 eurokoa gainerako udalerriko eskaerei erantzuteko.

Dirulaguntzak eskatzeko epea dagoeneko irekita dago, eta irailaren 27an amaituko da.

Eskabideak, dokumentazioarekin batera, Sestaoko Udaleko Erregistro Elektronikoan aurkeztu beharko dira.

IRISGARRITASUNA HOBETZEKO LAGUNTZAK

Deialdi honen helburua da elementu komunetan hesi arkitektonikoak kentzeko eta higiezinetara irisgarritasuna ahalbidetzeko (adibidez, igogailuak instalatzea, arrapaladak eraikitzea edo xede bera duen bestelako jarduketa) dirulaguntzak ematea.

Aurtengo deialdira aurkez daitezke obrak 2019., 2020. eta 2021. urteetan amaitu dituzten erkidego guztiak. Dena den, proiektuak gauzatzen ari diren erkidegoen kasuan, nahitaezkoa da jarduketa oso-osorik aurtengo abenduaren 31 baino lehen bukatuta egotea.

Programa honetarako Udalak 85.000 euroko aurrekontua du.

Dirulaguntzak eskatzeko epea dagoeneko irekita dago, eta irailaren 27an amaituko da.

Eskabideak, dokumentazioarekin batera, Sestaoko Udaleko Erregistro Elektronikoan aurkeztu beharko dira.