Martxan darrai 'La Ruta del Arte BBK / Artearen Ibilbidea II' izeneko erakusketa ibiltaria. Oraingo honetan Plentziako Astillero plazara heldu da. Bertan abuztuarne 23tik 30era egongo da ikusgai.
Helburu didaktikoa duen erakusketa ibiltari honek arrakasta izan du Euskadiko hainbat udalerritan, 2018an lehen aldiz martxan jarri zenetik.
'La Ruta del Arte BBK / Artearen Ibilbidea' erakusketak publikoari hurbiltzen dizkio museoko bildumako 36 artelanen erreprodukzioak, kalitate handikoak eta aire zabalean jarriak, arte-dibulgazioko programa honetarako bereziki diseinatutako gailu batean.
Oraingo honetan, museoko bilduma oparoa ezagutzera emateko helburuari beste asmo bat gehitzen zaio: haren galerietatik kanpora eramatea ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa aurkezpen-formatu berezia, Kirmen Uribek (Ondarroa, 1979) asmatutakoa. Museoak eskatuta, eta haren lantaldearekin lankidetza estuan, idazleak euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko hitz-sorta aukeratu zuen; hitz horiek, lehenengo letra hartuta eta alfabetoaren arabera ordenatuta, hari eroale bat izan dira, museoko bildumako zenbait artelan kontzeptualki multzokatzeko.
Hala, margolanak, eskulturak, marrazkiak eta grabatuak, argazkiak eta bideo-sorkuntzak, literaturan inspiratutako formatu berezi batean aurkezten dira; behatzailearen begirada berritzen da horrela, ikuspegi berriak eskaintzen baitira, baita artearen historiako garai eta mugimendu desberdinetako lanen, egileen eta arte-korronteen arteko harreman kitzikagarriak ere.
Kalitate handiko erreprodukzioen bidez, xehetasunak zehaztasun harrigarriz aurkeztuta eta fidagarritasun handiko koloreekin, ikusleek 36 margolan ezagut ditzake, bakoitza bere iruzkinarekin (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskuragarri). Iruzkin horiek dohainik lor daitezke, audio-artxiboak gailu mugikorretan deskargatzeko aukera ematen duen QR kode baten bitartez.
Ibilbidea Ondarroan hasi zen, eta, handik, Bizkaiko itsasertzean barrenako bidaia egiten ari da, ekainaren 28tik, urriaren 4ra arte luzatuko dena, guztira hamalau herri bisitatuz: Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Bakio, Armintza (Lemoiz), Plentzia, Getxo, Portugalete, Santurtzi, Zierbena eta Muskiz.
Erakusketak doako bisita dinamizatuak izango ditu, asteartetik igandera 18:00etatik 20:00etara. Agintariek ezarritako osasun-neurrien eta edukieraren arabera egingo da jarduera.