- Euskal Herriko hainbat estuarioetan agertu ziren, iragandako mendeetan. Baina gaur egun Urdaibaiko Biosfera Erreserbako hezeguneetako paisaian integratutako lur-sail bilakatu dira. Eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) polderren gaineko ikerketa arkeologikoa eta paleoekologiko bati ekin dio oraintsu, Euskal Autonomi Erkidego mailan. Lehen emaitzen arabera, padurei jandako lur hauek "eragin zuzena izan zuen bertako gizartearen eta ekonomiaren arloan", nahiz eta gaur egun gainbeheran diren.

Urdaibain badira bi polder nabarmen, EHU-k egindako ikerketak jasotzen dituenak: Anbeko eta Ozollo, biak Gautegiz Arteagan kokatutakoak. Eta lehendabizi datu-pilaketari ekin zioten, iturri-dokumentaletara eta kartografietara joz. Eta Josu Narbarte ikerlariak dioenez, "funtsean, ikusten duguna da padurak polder bihurtzeko prozesua XVII. mendean abiatu zela, eta XVIII. eta XIX. mendeetan zehar izugarri zabaldu zela, estuarioetako paisaia guztiz eraldatuz, padurak nagusi ziren egoera batetik guztiz polderrez estalitako egoera batera. Paisaia berri honek eragin zuzena izan zuen tokiko gizartean, ekonomian eta bioaniztasunean", dio. Izan ere, Erdi Arotik XX. mendera bitarteko epea hartu dute kontutan, eta estuarioetako baliabide naturalen ustiaketari lotutako praktikak eta haien inguruko kudeaketa-sistemak eta gatazkak jaso dituzte: bide eta portu azpiegiturak; arrantza; energia hidraulikoaren aprobetxamendua, burdinolak eta marea-errotak batik bat; ontziolak; polderren eraikuntza, padurak lehortu eta laborantzarako lur berriak lortzeko; eta hedapen urbanoa eta industriala.

Urdaibairi dagokionez -Urola, oria eta Bidasoako guneak ere ikertu dituzte-, zundaketak egin dituzte, bi zehazki. Lur-laginak zunda mekaniko baten bidez jaso dituzte, sedimentu-sekuentzia osoa berreskuratuz plastikozko zutabe baten barruan. Zutabe hori, gero, laborategian ireki, eta sedimentu-sekuentzia hainbat parametroren bidez aztertu dute: erresoluzio handiko argazkiak, kolorea, testura eta inklusioak dokumentatzeko; X-izpien fluoreszentzia, osaera elementala ezagutzeko; suszeptibilitate magnetikoa , magnetismoa detektatzeko; eta X-izpien difrakzioa , osaera mineralogikoa ezagutzeko. "Horri esker, antzeko bilakaera duten adierazleak multzokatu ahal izan dira, multzo bakoitza prozesu historiko, natural zein antropiko, baten isla gisa interpretatuz". Horrela, prozesu desberdinak berreraiki ahal izan dira: sedimentazio naturala, itsas-mailaren kokapena (polderraren eraikuntzak itsas-ura ez sartzea eta maila freatikoa jaistea eragiten du), polderra eraiki ondoren aktibatu den pedogenesia edo lurzoruen garapena, lur berrietan egindako nekazaritza praktikak (ongarritzea...), eta abar".

Eta nabarmendu dutenez, "paisaia bereizgarri hauek atzera egiten ari dira. Kasu batzuetan, lurzoru urbanoa eta industriala haien gainean zabaldu da XX. mende osoan zehar, eta oraindik ere zabaltzen ari da. Beste aldetik, hainbat tokitan padura-ekosistema naturalak berrezar-tzeko proiektuak jarri dira martxan, Natura2000 ekimenari lotuta zein UNESCOren Biosferaren Erreserba edo Geoparkea bezalako ekimenen bidez; horren ondorioz, polder asko suntsitu eta haien tokian padurak berreskuratu dira, Urdaibain batez ere eta, neurri txikiagoan, baita Bidasoan ere".

Polderrak. Urola, Bidasoa, Oria eta Urdaibaiko estuarioetako polderren ikerketa abiatu du Euskal Herriko Unibertsitateak, Josu Narbate eta Eneko Iriarteren gidaritzapean.

Urdaibai. Inguruneaan badira zenbait polder -estuarioari irabazitako lur-sailak-, baina Anbeko eta Ozollokoa ikertu dituzte.