Zabalik dago jada urriaren 30etik azaroaren 3ra bitartean Galdakaon grabatuko den 'Erlojupekoa' izeneko film laburrean parte hartzeko castinga. Geuretik Sortuak proiektuaren barruan sortutako film honek rider bat izango du protagonista, eta akziozko komedia surrealista bat izango da. Horretarako, Bira Produkzioak figurante eta ekoizle bila dabil.

Herritarren parte hartzea sustatu du Udalbiltzarekin lantzen ari den proiektu honek, hasiera hasieratik. Herritar talde batek, Gidoi tailerrean parte hartzeko aukera izan zuen ekainean. Bertan izan ziren tailerra gidatzen Leire Egaña eta Eñaut Tolosa Erlojupekoaren zuzendari oñatiarra eta gidoilari beasaindarra, eta Aitor Gametxo zinemagile lekeitiarra. Herritarrek, gidoigintzaz ikasteaz gain, Galdakaoko ohitura, pasarte eta pertsonaien berri eman zieten Erlojupekoa egingo duten Bira produkzioakeko kideei.

Oraingoan, errodaian parte hartu nahi dutenen txanda iritsi da. Casting bi egingo dira irailean, aktore edo figurante gisa parte hartzeko, eta ekoizpen lanetan parte hartzeko.

Irailaren 6 eta 7an izango da aktore edo figurante gisa parte hartzeko castinga. Herria irudikatzen den eszenetan agertzeko jendea behar dute, herri giroa adierazteko adin, sexu zein jatorri desberdinetako pertsonen bila dabiltza Birakoak. Aukera ezinhobea da, antzestea gustoko duten herritarrentzat edo zine errodai baten esperientzia probatu nahi dutenentzat.

Irailaren 13an, berriz, ekoizpenean lagundu nahi dutenentzako castinga egingo da. Zine errodaia kamararen atzetik ezagutu nahi dutenentzat aukera bikaina.

Castingetan parte hartzeko, erlojupekoa@gmail.com helbidera idatzi behar da, asuntoan CastingAF adieraziz aktore figuranteen castingean parte hartzeko, edo CastingE ekoizpenean parte hartu nahi dutenentzat. Mezuan honako datu hauek jarri behar dira: izena-abizenak, NAN zenbakia, adina, sexua, jaioterria eta telefono zenbakia.

Aurreko ostiralean, uztailak 30, ireki da bi castingetan izena emateko epea. Eskaerak irailaren 2ra arte bidali ahal izango dira.