Asteazken honetan goizean, uztailak 7, Desgaitasuna duten Pertsonen Partaidetzarako eta Bizi Kalitaterako 2021-2023 Hirugarren Planaren aurkezpena egin du Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza sailak.

Plana foru erakundearen eta desgaitasunen bat duten pertsonen elkarteen eta haien familien artean eraiki da eta bere helburua da baldintza egokiak sustatzea desgaitasunen bat duten Bizkaiko pertsonek ahalik eta autonomia pertsonal handiena lor dezaten, komunitatean inklusioa eta parte-hartze aktiboa izan dezaten, mendekotasun-egoerak prebenitu daitezen eta hautatutako bizi-maila independente handiagoetarako trantsizioak sustatu daitezen.

Sergio Murillok, Gizarte Ekintzako diputatuak, lansaio batean parte hartu du Foru Aldundiko ordezkariekin, Foru Aldundiari atxikitako erakunde autonomoetako ordezkariekin, hala nola Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearekin eta Bizkaiko Tutoretza Erakundearekin, bai eta Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetako ordezkariekin ere. Lansaioa Bilboko Euskalduna Jauregian izan da eta bertan egin duten Planaren dokumentua aurkeztu da.

Sergio Murillok nabarmendu du bizitza independentearen sustapena Desgaitasunaren Hirugarren Sektore Sozialarekin batera eraikitzen jarraituko dela: "Plan hau aurrekoen eraikuntza partekatuaren espiritu berarekin landu dugu. Horrela, desgaitasunen bat duten pertsonekin hartutako konpromisoari erantzuten diogu, eta haien bizi-proiektua erabat garatzen laguntzen dugu. Horietako bakoitzaren bertsio onenaren garapena Bizkaiko bertsiorik onena izango da", adierazi du.

Lurraldean Desgaitasuna duten Pertsonen Partaidetzarako eta Bizi Kalitaterako 2021-2023 Planak komunitatean bizi-ereduan aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak diren helburu eta ekintzetan sakontzen du bi alderditan: bai Bizkaiko gizarteko funtsezko eragile guztien partaidetza progresiboa lortzeko, eragile horien inplikazioa beharrezkoa baita kultura-aldaketako eta aniztasunaren gizarte inklusibo baterantz gizartea eraldatzeko prozesuan, bai aurrera egiteko erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuak etengabe hobetzen, ekitatez, unibertsaltasunez, kalitatez eta pertsona horien egungo beharretara eta agertuko direnetara egokitzen.

BIZITZA AKTIBOA ETA AUTONOMOA KOMUNITATEAN

Oinarrian dagoen ereduak arreta pertsonarengana eta haren gaitasunetara bideratzen du, bere desgaitasunera edo mugetara baino lehen; pertsonen gaitasun propioak ahalduntzea eta indartzea funtsezkoak dira autonomia pertsonalaren eta bizitza independentearen mailarik handiena lortzeko ingurune komunitarioan. Laguntza- edo errehabilitazio-izaera duten arreta-eredu tradizionalagoen aurrean, eredu honen arabera, pertsona bere bizi-proiektuaren protagonista da eta, bere desioetatik, aukeretatik eta erabakietatik abiatuta parte hartzen du -horretarako, kasu bakoitzean behar dituen laguntzak izanda- bere bizi-ibilbidean zehar garatzen ari diren laguntza- eta aukera-iturri guztiak planifikatzen eta dinamizatzen.

Planaren helburua da ereduaren eraginkortasunean sakontzen jarraitzea, apustu berezia eginez autonomia pertsonala, bizitza independentea, komunitateko parte-hartze aktiboa, desgaitasuna duten pertsonen laguntzan eta sustapenean inplikatutako beste eremu batzuen zeharkako inplikazioa eta ingurunearen baldintza inklusiboak sustatzearen alde (enplegua, hezkuntza, etxebizitza, fiskalitatea, osasuna, etab.), aldi berean gizarte-zerbitzuen unibertsaltasuna eta sarbideko ekitatea sustatuz, kasuaren koordinazioa pertsonarengan eta pertsonarekiko plangintzan oinarrituta gauzatuz, Hirugarren Sektorearekiko lankidetza eta elkarrizketa landuz, baldintza eta erantzun hobeak elkarrekin sortzeko ikuspegitik, eta desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze zuzena lortuz.

5 JARDUKETA-ARDATZ

Desgaitasuna duten Pertsonen Partaidetzarako eta Bizi Kalitaterako Bizkaiko 2021-2023 Planak bost jarduketa -ardatz ditu:

1. Desgaitasunen bat duten Bizkaiko pertsonek komunitatean ahalik eta autonomia, inklusio eta parte-hartze aktiborik handiena izan dezaten baldintza egokiak sustatzea.

2. Irisgarritasun unibertsal eraginkorra eta guztientzako diseinatua sustatzea, bai eta aukera-berdintasuna eta desgaitasunen bat duten pertsonekiko tratu egokia eta ez-diskriminatzailea ere.

3. Baldintza nahikoak eta egokiak bultzatzea, desgaitasunen bat duten pertsonentzako eta haien familientzako foru-erantzukizuneko prestazio eta zerbitzuetarako unibertsaltasuna eta bidezko irispidea bermatzeko.

4. Komunitatean parte-hartzearen eta bizi-kalitatearen eredua eta sisteman esku hartzeko ereduaren barruan pertsona ardatz duen plangintza-metodologia ezartzen aurrera egitea.

5. Gizarte-ekimeneko erakundeen lankidetza bultzatzea foru-erantzukizuneko gizarte-zerbitzuen sistemaren orientazioan eta hedapenean (zerbitzuak ematea, plangintza, berrikuntza eta etengabeko hobekuntza,…), elkarrizketa zibilean eta gizarte-ekimeneko erakundeen interes orokorreko beste jarduera batzuetan.

POLITIKAK ERAIKITZEKO ESTILOA

Desgaitasuna duten Pertsonen Partaidetzarako eta Bizi Kalitaterako Bizkaiko Plana gizarte-politikak egiteko estilo baten adierazpena da: desgaitasuna duten pertsonentzat eta desgaitasuna duten pertsonekin. Hala, Planak berak mekanismo zehatzak ezartzen ditu desgaitasuna duten pertsonek eta haien familiek parte har dezaten eremu horretan garatzen diren politiken lanketan, gauzapenean, jarraipenean eta ebaluazioan. Beraz, ez da desgaitasunen bat duten pertsonei arreta emateko behar diren baliabideei buruzko gida bat; Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Hirugarren Sektoreko erakundeen artean egindako ibilbide luzeko plan ausart honek, batez ere, desgaitasunen bat duten pertsonei arreta emateko benetako aldaketa kulturalean aurrera egitea eskatzen du.

Gizarte Ekintza Sailaren datu-basearen arabera (2020ko irailaren 30eko datuak), Bizkaian 90.000 pertsonak baino gehiagok dute desgaitasun-mailaren bat aitortuta. Horietatik 66.853 pertsonak %33ko desgaitasuna edo handiagoa dute, hau da, gure lurralde historikoko biztanle guztien %5,8k.