Berdintasunaren alde borroka egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak 2021-2024 aldirako Bizkaiko Emakumeen eta Bizonen Berdintasunerako VI. Plana jarriko du martxan. Horren barruan, 14 programa eta 150 neurri abiaraziko ditu Aldundiak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren seigarren Berdintasun Plana da hau, lehenengoarekin (2000-2003 urteak barne hartu zituena) hasitako hogei urteko ibilbidea. Horrek Lurralde Historikoaren konpromisoak eta lehentasunak erakusten ditu, bai eta ikuspegi kontzeptualetan gertatu diren aurrerapenak ere.

Plan horiei gehitu behar zaie Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako ekainaren 20ko 4/2018 Foru Arauaren mugarria, partaidetza-prozesu luze baten ondoren onartu zena eta onartu berri den seigarren plan honen erreferentzia-esparrua dena.

VI. Plan hau aurreko planen ebaluazio-prozesuaren, egoeraren diagnostikoaren eta egungo egoeraren azterketaren emaitza da. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak bultzatuta, Foru Aldundiko langileek eta emakumeen elkarteek parte hartu dute, Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluaren bidez.

DESBERDINTASUNA

Bizkaiko Foru Aldundiak berdintasunaren arloan garatzen dituen ekintzek eta politikek oinarri dute desberdintasuna egiturazkoa dela eta beharrezkoa dela egitura hori haustea eta emakumeei bermatzea abiapuntuko baldintza berberak dituztela eskubideak, boterea edo baliabideak eskuratzeko, ahaztu gabe horiek gauzatzeko eta kontrolatzeko beharrezkoak diren baldintzez gozatzeko legitimazioa ere badutela. Beraz, aurreko ekimenetan bezala, Berdintasunerako VI. Plan honen helburua da gure lurralde historikoan emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko beharrezkoak diren baldintzak bermatzea.

Gainera, kontuan hartu da covidak sortutako krisiak eragindako gaur egungo egoera. Pandemiak modu desberdinean eragiten die emakumeei eta gizonei, eta datuek erakusten dute emakumeek eta neskek arrisku handiagoa dutela krisi honen ondorio negatiboen aurrean. Hori dela eta, plan honetan larrialdiak aztertzeko beharra gehitu da, baita erakunde eta pertsona adituek egiten dituzten gomendioak kontuan hartzekoa ere, egungo egoera berriak emakumeen eta gizonen arteko abiapuntuko desberdintasunak areagotzea saihesteko.

Hauek dira planaren printzipioak: paradigma feminista, genero-perspektiba txertatzea, intersekzionalitatea, giza-eskubideen ikuspegia eta garapen iraunkorra.

Planean aipatzen diren helburuetako batzuk hauek dira: konpromiso politikoa, genero-ikuspegia langileen kudeaketan, lan-prozeduretan, lurralde-garapenean, sailen arteko eta erakundeen arteko koordinazioa, emakumeen ahalduntzea maila indibidualean eta kolektiboan, mugimendu feministaren ahalduntzea, zainketen ekonomia feminista, emakumeen autonomia ekonomikoa hobetzea, ikerketa sustatzea, koordinazioa, kaltea konpontzea eta indarkeria matxistari buruzko balioak aldatzea.

VI. Foru Planaren plangintza eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana lerrokatzeko, lau lan-ardatz ezarri dira (gobernu ona, ahalduntze feminista, berdintasuna garapen iraunkorrean eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak), eta 14 programa, 32 helburu eta 150 neurri ditu.

Plan hori garatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak bere berdintasun-egiturak ditu, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko Berdintasuna Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia buru dela. Egitura horiek sail guztiek osatzen dituzte, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailen arteko Batzordearen, Sailen arteko Talde Teknikoaren (Berdintasuna Taldea) eta foru-sailen barruko batzordeen bidez.