Bizkaiko Foru Aldundiak 25 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du 2020-2023 Bideak Berritzeko Planean. Orain arte, plan horrek 69 proiektu garatu egin ditu, 7,5 milioi euroko inbertsioarekin. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek planaren lehen urte honen balantzea egin du.

Birziklatutako agregakinei buruzko jardunaldi teknikoa egin da, eta adituak, enpresak eta foru-teknikariak izan dira bertan. Aldundiaren Bideak Berritzeko Planaren hiru lan-esparruetako bat materialak birziklatzea eta horiek bidesarean aplikatzea da: garraio-sistema adimendunak, azpiegitura adimenduna eta digitala eta jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra.

"Erritmo onean ari gara aurrera egiten, duela urtebete jarritako bidea jarraituz eta geure buruari eskatu genizkion ekintza eta ekimen ugari aktibatuz. Baina oraindik lan handia dugu aurretik". Horixe adierazi du diputatuak planaren ibilbide-orria azaldu ostean. Hogeita hamar eragilek eta enpresak baino gehiagok parte hartu dute plana prestatzeko lanetan, eta helburua da bidesarian berrikuntza eta jasangarritasun-irizpideak ezartzea. Honako hau ere adierazi du: "Planari lotuta erabaki genuen sailak duen aurrekontuaren % 4 ekimen berritzaileetara bideratuko genuela, 3 jarduketa-ildoetako bakoitzean 225 proiektu egingo zirela, berrikuntzari lotutako klausulak sartuko zirela Bizkaiko Foru Aldundiaren bide-azpiegituren kontratu publiko guztietan eta, horretarako, 2002-2023 urteen artean 25 milioi euroko inbertsioa aktibatuko zela".

Lagundu diren 69 proiektuetatik, 5 garraio-sistema adimendunen esparrukoak dira; 100.000 euroko inbertsioa egin da horietan. Azpiegitura adimendun eta digitalaren esparruan 40 proiektu garatu dira, 1,5 milioi euroko inbertsioa eginez; beste 24 proiektuak jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren esparrukoak dira, eta 5,9 milioi euroko inbertsioa egin da horietan.

Imanol Pradalesek azaldu du azken urtean 34 berrikuntza-klausula sartu direla lizitazio publikoetan: "Errepideak berritzeko helburuan aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa da kontratu publikoen pleguetan berrikuntzari lotutako alderdiak sartzea. Eta 2020. urteaz gero, pleguetan berrikuntzari lotutako klausulak sartu behar dira berritzeko planean identifikatuta dauden lan-lerro bakoitzeko. Helburu nagusia berrikuntza bultzatzea da, jarduketa-esparru guztietan zeharka aplikatuta. Epealdi honetan zehar, 14 kontratu lizitatu ditugu eta, horietan, guztira, 34 berrikuntza-klausula sartu dira."

Bideen berrikuntzaren arloko beste mugarrietako bat Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren eta Tecnaliaren arteko lankidetza-hitzarmena da, lehen euskal korridore kooperatiboa abian jartzeko. Hitzarmena 2020ko azaroan sinatu zen, AP-8 eta A-8 errepideetako 57 kilometro proiektuan sartzeko eta mugikortasun konektaturako laborategi izateko.