Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarriko ditu berriro Gaztelugatxe bisitatzeko txandak. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera sanitarioa dela eta, gehienez 960 pertsonak bisitatu ahal izango dute egunean. Orain arte egin den bezala, ibilbidea norabide bakarrekoa izango da, jende-pilaketak saihesteko. Bisitak uztailaren 1ean hasiko diren arren, Gaztelugatxera bisita egiteko tiketak gaurtik aurrera erreserbatu ahal dira.

Barruti hori itxita egon da joan den urtarriletik hona, luizi baten ondorioz, eta, hilabete hauetan zehar, ingurunea sakonkiro aztertu da, erorketa gehiago gerta ez daitezen hartu beharreko neurriak ezartzeko eta hura ikustera joaten diren pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Azterlan horri jarraikiz, biotopo babestu osoaren sektorizazioa ezarri da, eremu bakoitzak duen ezegonkortasun-mailaren arabera, publikoarentzat pixkanaka berriro ireki ahal izateko. Lehenengo gunea irekitzeko lanak, Urizarreta eta Ermu arteko ibilbide zirkularra, azken fasean daude dagoeneko, eta hasita daude lanak Ermu eta Lurgorri arteko zatian; ziurrenik, uztailaren amaieran irekiko dute. Datozen asteetan hasiko dira, halaber, luizia gertatu zen uhartera eta ermitara sartzeko eremuko obrak, halako moldez non udazken hasieran toki horietara sartzea izango baita.

Bizkaiko Foru Aldundiak milioi erdi euro inguruko inbertsioa egingo du lan horiek egiteko; besteak beste, hesiak jartzeko, hainbat eremu hesitzeko eta higadura-eremuak babesteko. Neurri horiek, Gaztelugatxeko sarbideetatik igarotzen diren pertsonen segurtasuna bermatzeaz gain, paisaian integratu behar direla kontuan hartuta diseinatu dira, inpaktu gutxikoak, moldagarriak eta ezegonkortasunaren bilakaerara egokitzeko modukoak izan behar baitute.

Neurri zuzentzaile horiek hartzearekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko mendi-hegal osoaren egonkortasunaren etengabeko jarraipena egitea erabaki du. Horretarako, sentsoreak jarriko ditu, lur-mugimendu berririk gertatzen den zehazte aldera, eta Matxitxako lurmuturrean dagoen estazio meteorologikoan prezipitazio-erregistroak kontsultatuko ditu, behar izanez gero segurtasun-neurri egokiak hartu ahal izateko.