Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailak 1.156.758 euroko aurrekontua bideratuko du Bilbo eta Barakaldo lotuko dituen bidegorria eraikitzeko. Lanak egiteaz eta bidegorria mantentzeaz eta kontserbatzeaz bi udalak arduratuko dira.

Bidegorria udal-titulartasuneko errepideen plataformaren gainetik doa eta, Bilbori dagokion zatian, Zorrotzako kiroldegiaren ondoan hasten da, Olabeaga-Zorrotza bizikleta-bidearekin bat egiten du eta N-634 errepidearen ondotik egiten du aurrera. Cadagua ibaiaren gaineko zubia zeharkatu ondoren, Barakaldon sartzen da eta Zumalakarregi kalea zeharkatzen du Burtzeña eta Lutxana auzoetatik, Serraltan Portugaleteko Dartsenako bizikleta-bidearekin bat egin arte.

Azpiegitura berriaren aurkezpenean, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak gogorarazi du Barakaldok 16 kilometroko bidegorria duela, eta laster ibilbide berri honen 1,43 kilometroak gehituko zaizkiola, Zumalakarregi etorbidetik Lutxanaraino. "Horrez gain, azpimarratu nahi dugu Burtzeñako herritarrek egindako ekarpenak jasotzen dituela bidegorriaren ibilbideak, diputatuari helarazteko aukera izan genuelako. Bidegorri berri honen bidez, Aldundiak ahalbidetuko du Barakaldo mugikortasun iraunkorraren erdigunea izatea, eta, alde batetik, eskuinaldearekin eta Bilborekin lotzea, itsasadarraren gainetik egingo den bizikletentzako eta oinezkoentzako zubiarekin; eta, bestetik, Bizkaiko hiriburuarekin lotzea, Zorrotzan zehar. Beraz, proiektu hau ingurumena errespetatzen duen mugikortasunaren aldeko apustu argia eta irmoa da, garraiobide gisa bizikleta aukeratzen duten pertsonentzat segurua izateaz gain. "

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez, horrelako proiektuek erakusten dute bizikleta, garraiobide garbi, iraunkor eta osasuntsua izateaz gain, metropoliko mugikortasunaren egiturazko elementu gisa bultzatu nahi dugula eta helburu horri begira lan egiten dugu Duela hilabete batzuk, proiektua aurkeztu genuen itsasadarraren eskuinalderako, Getxo eta Bilbo artean; eta gaur, berriz ere bildu gara, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Barakaldoko Udalarekin, azpiegitura berri bati buruz hitz egiteko: Ezkerraldeko bidegorrien sareak Zorrotza eta Lutxana artean lotuko dituen azpiegitura. Horrelako proiektuek batzen gaituzte, eta elkarrekin aurrera egiteko aukera ematen dute, ilusioz eta etorkizunari begira, pandemiaren ondoren denok ikusi nahi dugun etorkizunari begira.

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Antolamendurako foru-diputatuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela bizikleta-bideen sarea segurua izatea, eta beraien artean eta garraio publikoarekin ondo konektatuta egotea. Diputatuaren esanetan, hori da Aldundiaren lan-ildoetako bat Bizkaian mugikortasuna aldatzeko, betiere helburu hauek lortzeko: bizikletaren erabiltzaileen kopuruak gora egitea, eta Bizkaian egunero egiten diren 8 kilometro baino gutxiagoko 687.000 joan-etorrien kopurua gutxitzea.

EZAUGARRIAK

1.766 metroko luzera du, eta horietatik 338 Bilboko udalerrian eta 1.428 Barakaldon daude.

Bizikleta-erreia motordun zirkulaziotik eta oinezkoen zirkulaziotik bereizita egongo da une oro, eta 0,3-0,5 metroko banaketa-banda izango du bizikleta-plataformaren eta errepidearen artean, eta banda horren gainean elementu bereizleak jarriko dira.

Sekzio-tipoa hiru metroko zabalerakoa da, 2,5 metrora murriztu behar dena jarduketa-eremu txikiagoa duten zati jakin batzuetan. Gutxienez bi metroko zabalerako oinezkoentzako espaloia bermatzen da trazatu osoan.

IBILBIDEA

Proiektuak Zorrotzako kiroldegiaren ondoan hasten den trazadura zehazten du, Clara Campoamor kalean Olabeaga-Zorrotza bidegorriarekin batzen dena, ondoren N-634 errepidearen plataformara sartzeko. Errepide horretan murriztu egiten da motordun ibilgailuentzako erreien kopurua: Barakaldoko noranzkoan errei bat jarriko da, eta Bilborako noranzkoan egungo bi erreiak mantendu dira.

Bizikleta-erreia galtzadaren eskuinaldetik joango da Barakaldorantz, biribilgunetik igarotzean eta Cadagua ibaiaren gaineko zubia zeharkatzean ez dadin gatazkarik sortu trafikoaren eta txirrindulariaren artean.

Barakaldora iritsita, bidegorriak N-634 errepidearen plataforma utzi eta Zumalakarregi kaletik igarotzen da; izan ere, kale horretan egungo bi erreietatik batera murrizten da motordunen zirkulaziorako esparrua eta aparkaleku plazak eta oinezkoentzako espaloiak mantentzen dira. Bizikleta-bideak kale horretan zehar jarraitzen du eta 500 metroko tarte batean galtzadaren ezkerraldera aldatzen da, autobus-geltoki bat, garajeetarako sarbideak eta kale-gurutzeak oztopatzea saihesteko. Serralta parkearen ondoan bidegorriak bat egiten du Portugaleteko Dartsenako bizikleta-bidearekin.

INBERTSIOA ETA EPEAK

Bilboko udalerria zeharkatzen duen zatia egiteko 241.726 euroko aurrekontua eta hiru hilabeteko epea daude. Barakaldoko zatiak 915.032 euroko aurrekontua eta zortzi hilabeteko epea du lanak egiteko.