“Ez da betiko moduan izango baina hurbilduko da”. Aldarte baikor honekin ekingo diote gaur Kalakalata lelopean Sopelan Bizkaiko ikastolen jaialdiari. Erdibideko formula aurkitu dute aurtengo Ibilaldia ospatu ahal izateko. Jende multzo handiak elkartu ezin direnez, ez da ibilaldirik egongo, ez janari eta edari zerbitzurik, ez kontzertu erraldoirik, baina jai honen ispiritua bertan egongo da irmo.Aurtengo Ibilandia lau gune ezberdin izango ditu eta goizez ospatuko da, bi txandatan. “Argi geneukan oso zaila zela ibilbide bat planteatzea, ez zegoela aukerarik txosnak jartzeko. Baina bai pentsatu genuen gutxienez mantendu beharko genituela behintzat gune bereiztu batzuk eta horietan zerbait propio eskaintzea; egoera honetan eskaini zitekeen zerbait izatea, jakinda hori ere mugatua izango zela”, adierazi zuen Xabier Ugaldek, Ander Deuna ikastolako zuzendariak, aurkezpen prentsaurrekoan.

Hortaz, pandemiaren ondorioz bete behar diren neurriak kontuan izanik, lau gune adostu dira. Guneek bi txanda izango dituzte: 10:00etatik 12:00etara eta 12:30etatik 14:30etara. Ordu erdiko tarte hori erabiliko da guneak husteko. Lehena Sua gunea izango da eta Ander Deuna ikastolan kokatuta dago. Bertan eskainiko dira zurezko jokoak eta dantza tailerrak, baita Deabru Beltzak antzerki taldearen ikuskizuna. Gainera, hasiera ekitaldi xume baten eszenatokia ere izango da. Horretan, aurtengo antolatzaileek 2022ko Ibilaldiko antolatzaile izango den Bilboko Abusu ikastolari lekukoa emango diote. Bigarren eta hirugarren guneak, Ura eta Haizea izena daramate, Barinatxeko goiko aparkalekuan kokatuta daude. Batean, haurren hondartza tailerrak, beste herri batzuetako kultura ezagutzea edota ur-jolasak ospatuko dira. Bestean, kometa eta perkusio tailerrak eta zirku ikuskizuna izango dira. Azken gunean, Urgitxietan antolatuko den Lurra izenekoan, talo eta tai txi tailerrak izango dira eta Gora Kasete taldearen ikuskizuna. Bestetik, gune bezala funtzionatuko ez duen arren, Udaletxe Plazan 25 erakus-postu kokatu da.

“2021eko Ibilaldia elkarlanaren adibidea da. Izan ere, Ander Deuna eta Betiko Ikastolek ikasturte osoa eman dute hainbat ekimen prestatzen Uribe Kostan eta Leioan, Kalakalata lelopean”, agertu zuen, bere aldetik, Josune Bañalesek, Ibilaldi elkarteko lehendakariak. Ibilaldi ezberdina osasun egoera behartuta, baina betiko helburua: euskara, plazara.