BILBO. Lurraldeko udalerriek eta kultur eragileek parte hartzeko auzkera izango dute Bizkaiko Foru Aldundiak egiten ari den kultura sektorearen mapaketan. Aldundiak Kultursistema izeneko tresna erabiltzen du horretarako.

Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Lorea Bilbaok, azaldu du zenbait bilera egin dituela Bizkaiko kultura alorreko eta udaletako ordezkari askorekin, eta prozesuak zertan datzan, nola parte hartu dezaketen eta prozesuaren helburua zein den azaldu diela.

Era berean, diputatuak argitu du bileretan jakinarazi dela prozesu honetan oso zeregin garrantzitsua dutela maila guztietako kultura eragileek, besteak beste, udalek. Lorea Bilbao diputatuak azaldu du helburua "kultura sektorearen egoeran sakontzea, sektorearen alderdi guztiak ezagutzea eta Bizkaiko kultura eta sormen ekosistemari buruzko irudi ahalik eta errealena lortzea dela. Horretarako, kultura eragileen inplikazioa beharrezkoa da, eta ezinbestekoa da baita ere udal bakoitzak bere udalerrian identifikatzen duen kultura elementu bakoitzaren mapaketa egitea". "Behar-beharrezkoa da prozesuan ahalik eta erakunde eta instituzio gehienek parte hartzea. Zenbat eta elementu eta erakunde gehiago mapeatu, lurraldeko kultura errealitatearen irudi are fidagarriagoa lortuko dugu, eta, beraz, errazagoa izango da sektorearen garapenean eta sustapenean ahalik eta gehien laguntzeko politika eraginkorragoak martxan jartzea."

Diputatuak adierazi du baita ere foru erakundean tailerrak egiten ari direla mapaketa prozesuan laguntzeko, eta horrekin lotuta, zuzeneko harremana izango dutela ekimenean parte hartzen duten erakundeekin, haiek ariketa hau egiteko laguntza osagarria behar izanez gero.

Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Lorea Bilbaok, jakinik sektorea egoera zailean dagoela, argitu du zergatik ari diren une honetan sektorearen mapaketa egiten: "Sektorea sustatzeko eta indartzeko politika egokiagoak definitzen jarraitu nahi dugu, azpisektore bat ere kanpoan gera ez dadin, eta hori guztia, protagonistek emandako ezagutza erreal eta eguneratuetan oinarrituz. Horrez gain, eragileak autohausnarketa eta aukera bilaketa prozesuetan ahaldundu nahi ditugu, izan ere, Bilbaok ezinbestekotzat jotzen du parte-hartzea aktiboa, hausnartzailea eta masiboa izatea, hala, mapaketa prozesua arrakastatsua izan dadin. "Partekatutako zeregina izan behar da, benetako irudi erreala eskuratu ahal izateko. Badakigu hasieran zaila izan daitekeela, baina prozesu hau gauzatzea beharrezkoa dela uste dugu, eta eraginpeko pertsona eta erakunde guztientzat eraginkorra izango dela uste dugu".

Diputatuak esan bezala, mapaketa prozesuak fase hauek ditu: hasierako bilerak, datu baseak berrikustea eta lana planifikatzea; deialdia eta parte-hartzaileen hausnarketa eta automapaketa analogikoko eta digitaleko tailerrak; estimulazio eta laguntzako idazkaritza teknikoarekin batera lurraldeko eragileek automapaketa egiteko aldia; automapaketetan gehitutako datuak esportatzea, analizatzea eta interpretatzea eta kultura eta sormen sustapeneko politikei zuzendutako gomendioen txostena egitea.

Kultura eta sormen sektoreetako agenteen autodiagnostikorako eta agente horiek ikusarazteko metodologia Kultursistema da. Karraskanek sortu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketarekin eta gaur egun Conexiones Improbablesek kudeatzen du.

Bukaeran, foru erakundeak egindako mapaketa batzuen adibideak erakutsi ditu diputatuak eta berriz ere kultura alorreko erakunde eta autonomo guztien lankidetza eskatu du.