BILBO. Lurraldeko basogintza-sektorea sustatzeko inbertsio handia egingo du aurten Bizkaiko Foru Aldundiak. Guztira, 3.423.000 euroko aurrekontua bideratuko dute.

Aurtengo planak, berrikuntza nagusi gisa, muga berriak ezartzen dizkie eukaliptoa erabiliz egiten diren basoberritzeei, eta dirulaguntzen lerro berria ezartzen du, baso-kudeaketa iraunkorragoa egiteko metodoak aplikatzeko, baso autoktonoak kontserbatzeko eta baso aloktonoen ordez baso autoktonoak landatzeko.

Laguntza horien azken helburua lurralde- eta ingurumen-ikuspegitik basogintza-sektore orekatuagoa garatzen laguntzea da, klima gehiago errespetatzen duena, balizko arriskuekiko erresistenteagoa, lehiakorragoa eta berritzaileagoa. Eta laguntzok bi lerro handitan banatzen dira. Batek jabeen elkarteak, mankomunitateak, administrazio-batzarrak eta udalak ditu onuradun, eta 466.000 euro bideratzen ditu baso-pistak eraiki, egokitu, hobetu eta mantentzera.

Bestea 2.957.000 eurokoa da, eta beste bi dirulaguntza lerrotan banatzen da:

Lehenengoa, baso-kudeaketa iraunkorragoa egiteko metodoak aplikatzera, baso autoktonoak kontserbatzera eta baso aloktonoak baso autoktonoekin ordezkatzera bideratutakoa. Azken lerro hori berria da aurreko ekitaldiekin alderatuta, eta basoen ekologia- eta babes-egonkortasuna mantentzen eta hobetzen laguntzen duten jardunbideak laguntzera bideratuta dago, uraren kantitatea eta kalitatea hobetzeko edo faunaren hazkuntza- eta babes-eremuak edo paisaia-balio nabarmena dutenak hobetzeko. Ildo horretatik, diruz lagunduko diren jarduketak izango dira, besteak beste: mozketen txanda luzatzea edo Natura 2000 Sarean sartutako eremuetan interesgarritzat jotzen diren habitatak edo fauna- eta flora-espezieak babesteko azken mozketak atzeratzea; baso-lurrak babesteko neurriak baso-ustiapenean inpaktu txikiko metodoak erabiliz, zura garraiatuz eta eremua lehengoratuz; edo baso-mozketaren inpaktua minimizatuko duten mozteko metodoak erabiltzea (adibidez, zura ateratzeko pista berriak egin beharrean, kablea edo animalia-trakzioa erabiltzea). Era berean, lerro honekin diruz lagunduko da baso autoktonoak kontserbatzea eta baso aloktonoen ordez baso autoktonoak landatzea.

Bigarrena baso-eremuak garatzeko eta basoen bideragarritasuna hobetzeko inbertsioetara bideratuta dago, eta diruz laguntzeko modukotzat jotzen ditu honako hauek: baso-azalerak landatzeko eta sortzeko jarduerak; baso-ekosistemen edukiera eta ingurumen-balioa handitzeko inbertsioak; baso-teknologietan eta baso-produktuak eraldatu eta mobilizatzeko inbertsioak; hondamendi naturalek eragindako kalteen prebentzioa eta suteek, hondamendi naturalek, baso-hondamendiek eta izurriteek eta gaixotasunek eragindako kalteen konponketa. Ildo horretatik, zehatz esanda, kalteen konponketari egiten zaionean erreferentzia, honakoa ezartzen da: "ez dira diruz lagunduko kaltetutako zuhaitzak mozteko inbertsioak, baldin eta gero eukalipto generoko espezieren batekin birpopulatzen badira". Gainera, birpopulaketak finantzatzeko orduan dekretuan berrikusi egin dira eskuz eta hostozabal autoktonoekin egiten direnak ahalik eta gehien laguntzeko moduluak eta ehunekoak.

Laguntzak norgehiagoka-erregimenean banatuko dira eta eskaerak aurkezteko epea ekainaren 25ean amaituko da.