BILBO. Gaur goizean, apirilak 29, koronabirusaren pandemia eta gero Bizkaia berrindartzeko beharrezkoa den lehentasun-ariketa baten abian jarritako antolaketa-aldaketak azaldu egin ditu Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu Elixabete Etxanobek, prentsaurreko batean.

Elixabete Etxanobek pandemiaren ostean lurraldea berrindartzeko beharrezkoa den lehentasun-ariketa baten abian jarritako antolaketa-aldaketak azaldu ditu, betiere gauzatzen ari diren gobernu-programatik eratorritako konpromisoak, proiektuak eta ekintzak mantenduz.

"Azken urte honetan aurre egin behar izan diogun egoera apartak eta salbuespenezkoak zeregin guztiak tokiko ikuspegiarekin egitea eskatzen du, modu berezian Bizkaiko 112 udalerriek zer behar izan dezaketen pentsatuz", azaldu du.

Horregatik, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak helburu nagusitzat ezarri du entzute aktiboaren bidez udalekiko eta gainerako toki-erakundeekiko harremanak areagotzea, gobernantza-eredu ireki eta kolaboratiboa garatuz: "Udalerrien beharrei modu zuzenagoan eta hurbilagoan erantzun ahal izateko bide formaletatik harago joango gara, batez ere txikienei eta ertainei dagokienez, herritarrei zerbitzu onenak eskaintzeko sinergiak bultzatuz".

Ildo horretatik sailak mantentzen dituen lau zuzendaritza nagusietan egindako eginkizunen berrantolaketa kokatzen da. Hona hemen zeintzuk izango diren zuzendaritza horiek: Araubide Juridikoa eta Funtzio Publikoa, Toki Administrazioa, Larrialdien Kudeaketa eta Babes Zibila, eta Zerbitzu Korporatiboak. Berariaz Toki Administrazioaren zuzendaritzaren kasuan, bere eginkizuna Bizkaiko toki-erakundeen beharrak zuzenean ezagutzea eta horiei erantzutea izango da. Ildo horretatik Etxanobek Herri Txiki Aukera Handi proiektua aipatu du, Bizkaiko herri txiki guztiek zerbitzu publikoetarako sarbide-berdintasuna izan dezaten bultzatzeko; proiektu hori martxan dago Arratia eta Mungialde eskualdeetan.

NEURRI EKONOMIKOAK BIZKAIKO UDALERRIETARAKO

Pandemiaren ondorioei aurre egiteko lurraldeko udalerriei babesa eta euskarria emateko neurrien artean foru diputatuak 60 milioi euroko partida iragarri du zero intereseko maileguak emateko, Bizkaiko udalek eta toki erakundeek aurten mugikortasun jasangarriaren, digitalaren, energetikoaren eta soziosanitarioaren trantsizioekin lotutako esparruetan inbertitu ahal izan dezaten. Dirulaguntzen deialdia lehia askekoa da eta toki-erakunde bakoitzari gehienez 500.000 euro emango zaizkio.

Mailegu-lerro hori udalen finantza-egoera errazteko aldez aurretik hartutako beste neurri batzuei gehitzen zaie, hala nola baldintza jakin batzuetan aurrezki garbi negatiboarekin zorpetzeko aukerari, superabita izanez gero zorpetzea murrizteko betebeharra ondoriorik gabe uztea edo 2021erako finantza-arauak bertan behera uztea. Horrez gain, Aldundiak lurraldeko udalerri txikietan azpiegituretan inbertitzeko ematen dituen 2 milioi euroak ere eskura dituzte.

Elixabete Etxanobek iragarri du, halaber, abian dela Toki Ogasunen Foru Arauaren etorkizuneko proiektua ekarriko duen prozesua. Horretarako, aldundia-udalerriak batzorde paritario bat eratuko da, tokiko finantzaketarako arau berria aztertzeko.

EUROPAKO FUNTSAK ERAKARTZEA

Bizkaiak 25 proiektuko zerrenda aurkeztu du Europar Batasunaren Next Generation programara. Proiektu horiek, aldi berean, estrategikoak dira lurraldearentzat eta Bizkaia Egiten gobernu-programan sartuta daude. Ildo horretatik, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak adierazi duenez, "Bizkaia prest dago prozedura espezifikoekin lurraldea eraldatzeko proiektuetarako Europako berreraikitze-funtsak jasotzeko".

Era berean, Elixabete Etxanobek konpromisoa hartu du Bizkaiko gobernu digital inklusiborako trantsizioa bizkortzeko, eta prozedura hori, digitalizazioari, kanal anitzeko arreta-zerbitzuak indartzeari eta herritarren arreta integraleko bulegoen sarearen bidez aurrez aurreko arreta bermatzeari dagokienez, eskualdeen arteko gehieneko parekotasunarekin eta berdintasunarekin egiteko. Gainera, efizientzia-proiektu berriak hedatzen eta kontratazio-zentrala garatzen jarraituko da.

Foru Aldundiak, aldi berean, eraldaketa-prozesu digitala egin nahi du Lurraldean larrialdien foru-sektorean eta, horrela, bere eredu operatiboa berrikusiko du eguneratzeko eta larrialdien errealitatera eta garapen teknologikora egokitzeko. Era berean, segurtasunean irtenbide berritzaileak etengabe bilatzea azpimarratuko da. Horrela, Bizkaiak bere larrialdi-zerbitzua erreferente bihurtu nahi du Europan eta nazioartean, berritzailea delako eta abangoardiako teknologia erabiltzen duelako.

Eraldaketa digitalerantz aurrera egiteko, bai Aldundiaren barruan, bai lurraldean, beharrezkoa izango da profil profesionalak egokitzea eta egungo eta etorkizuneko foru-erakundeko giza taldea prestatzea, egoera digital berri horretara egokitzeko eta, horrela, hurbil dagoen belaunaldi-erreleboari dagokionez erakundea prestatzeko.