BILBO. Trukatu dira dagoeneko Bizkaiko Foru Aldundiak koronabirusaren pandemiak eragindako kalte ekonomikoak gutxitzeko abian jarritako Bizkaia Bono Denda kanpainaren bonuen % 91a. Aldundiak abenduaren 9an kaleratu zituen bonuak, eta berehala agortu ziren. Guztira 100.000 bonu jarri ziren zirkulazioan, atxikitako 3.705 saltokietan trukatu ahal direnak. Kanpaina maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik.

Bizkaia Bono Denda foru erakundeak bultzatutako ekimena da eta Cecobi, Bizkaidendak, Bilbaodendak eta Merkataritza Ganbera erakundeek ere elkarlanean dihardute gure lurraldeko merkataritza, irudi pertsonalaren sektorea eta artisautza suspertzeko. Bonu hauek harrera ona izan dute jendearen artean: salgai jarri eta 24 ordura 100.000 bonuak agortu egin ziren. Lehenik, Bilbori zegozkion 30.090 bonuak abenduaren 9ko arratsaldean amaitu ziren, eta 10ean zehar Eskuinaldea, Plentzia-Mungia eta Gernika Bermeoko 22.900 saldu ziren, Durangaldea, Arratia-Nerbioi eta Markina-Ondarroako 21.530, eta Ezkerraldea, Mezatzaldea eta Enkarterriko 25.480 bonuak.

Kontsumitzaileek 15 euro ordaindu dituzte bonu bakoitzeko, eta 30 euroko gastua egin dezakete kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan, gehienez 200 bonu baitituzte trukatzeko. Une honetan bonuak oraindik muga horretara iritsi ez diren saltokietan soilik trukatu ahal izango dira.

Ez da Bizkaiko Foru Aldundiak horrelako ekimen bat martxan jartzen duen lehen aldia, baina oraingoan Bizkaia Bono Dendak bi berezitasun ditu. Lehenik eta behin, artisautzaren sektorea sartu dela, pandemiaren krisiak ere eragina izan duelako sektorean. Eta, bigarrenik, kontsumoaren eragin dinamizatzailea Bizkaiko eskualde guztietara heda dadin, bonuak lau bloketan banatu zirela, lurraldeko hainbat eremuri zegozkienak, eta kontsumitzaileek bonuak erosteko unean erosketak zein eskualdetan egin nahi zituzten aukeratu behar izan zuten, eta aukeratu zituzten guneetako establezimenduetan baino ezin dituzte trukatu.